Hezkuntza Sailak 1,2 milioi euro bideratuko ditu eskolatze osagarriko programetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko dirulaguntzetarako deia egiten duen Agindua. Laguntza ekonomiko hauek itunpeko ikastetxeei, irabazi asmorik gabeko entitateei, mankomunitateei, udalei edo azken hauek sortutako entitateei zuzenduak dira, betiere 2020-2021 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak abian jartzeko asmotan badira eta horretarako proiektua aurkezten badute. Deialdi honek 1.211.250 euroko diru-kopurua du orotara.

Eskolatze Osagarriko Programak hezkuntza-premia bereziak –eskolara moldatzeko zailtasunei lotutako egoera larrietatik sortutakoak- dituzten ikasleei laguntzeko sortuak dira, hain zuzen ere beren hezkuntza-prozesuen aurrean, ikaskideen eta irakasleen aurrean eta gizarte-ingurunearen aurrean jarrera positiboak garatzen laguntzeko. Programen xedea hauxe da: aipaturiko ikasleei, berariazko taldeetan antolatuta, beren garapen pertsonalerako, berriro eskola-sistema arruntera egokitzeko edo ondoren lanbide-hastapeneko ikasketei (horiek helduaroan eta bizitza aktiboan sartzeko gaituko dituzte) ekiteko baliagarriak diren ikaskuntzak eskaintzea.

Eskolatze Osagarriko Programak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko sorturiko programak dira, egoera pertsonal edo sozialengatik eskolara egokitzeko zailtasunak dituzten ikasleei zuzendurik. Helburua da talde espezifikoetan antolatzen diren ikasle horiei beren hazkunde pertsonalerako, ohiko eskola-sistemara egokitzeko edo, ondoren, helduaroan eta bizitza aktiboan sartzeko gaitasuna emango dien Lanbide Hastapeneko prestakuntzara sartzeko erabilgarrienak diren ikaskuntzak erraztea.

Edonola ere, tailerren bidez curriculumeko alor instrumentala lehenesten dute programok, betiere ikasleen beharretara egokitutako metodologia erabiliaz. Programa hauek berritzaile izaten eta ikasleen jakingura piztuko duten jarduerak burutzen egiten dute ahalegina. Era horretan, ikasleen motibazioa pizten dute, hezkuntza-ibilbidean jarrai dezaten.

Programa hauek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduak dira, programa hasten den urteko abenduaren 31n gehienez 15 urte beteta dituzten ikasleei zuzenduak. Aldi baterako neurri gisa ulertu behar da, inoiz ez behin betiko, ikaslea ahal bezain laster sistema arruntean berriro txertatzea lortu nahi baita. Era berean, ezohiko neurria ere bada, DBHren ohiko araubidean aniztasunari erantzuteko aurreikusitako gainerako neurriak agortu ondoren aplikatzekoa, hala nola, hezkuntza-indargarriak, curriculuma egokitzekoak edo berariazko parte-hartze proiektuak.