14 positibo berri Ordizian eginiko 707 PCR proben artean

0

Osasun sailburu Nekane Murgak ezagutzera eman duenez, erakunde arteko jarraipen batzordea eratuko da arratsaldean

Osasun Sailak eta Osakidetzak 985 PCR proba egin zituzten atzo, Ordizian eta ingurumarian burutzen ari diren zaintza lanen barruan. Orain arte, 707 proben emaitzak ezagutu dira, eta 14 positibo atzeman dira. Gaur hasi dira hitzartutako 540 probak egiten, zerbitzu hori indartzeko langile kopurua hirukoiztuz.

Osasun Sailburu Nekane Murgak ezagutzera eman duenez, jarraipen batzordea osatuko da gaur arratsaldean. Bertan, Ordizia, Beasain, Idiazabal eta Lazkaoko alkateek parte hartuko dute; baita Segurtasun sailak, Osakidetzak eta Osasun sailak berak ere.

Aldi berean, berriz ere eskertu du herritarren laguntza, baita gogorarazi ere ekainaren 27tik Etxezarreta kaleko ostalaritza-establezimenduren batean egon diren pertsona guztiek harremanetan jarri behar dutela beren osasun-zentroarekin. Proba egin zaien pertsona guztiei Osasun Sailak SMS bidez jakinaraziko die emaitza.