Nekazaritzako sektoreko sasoiko langileentzako ostatulekuak eraikitzeko eta hobetzeko 70.000 euro

0

Nekazaritzako sektorean lana egiten duten sasoiko langileentzako ostatulekuak izango diren higiezinak sortu, egokitu eta hornitzeko 2020ko ekitaldian emango diren laguntzak iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak bere azken Kontseilu bileran.

Guztira 70.000 euroren laguntzak aurreikusi dira, eta pertsona fisikoak eta juridikoak, publikoak nahiz pribatuak, baliatu ahal izango dira laguntza horietaz, baldin eta sasoiko lana egiten duten pertsonei ostatu emateko higiezinen jabeak badira.

Martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren barruan sartzen dira laguntza horiek, eta, era berean, Sasoiko Lanaren Arretarako IV. Plan Integralaren zatia dira, zeinarekin “sasoiko lanaren inguruan sortzen diren premiei erantzuteko jarduerak modu koherentean eta koordinatuan planifikatu” nahi den, hori izanik planaren helburu orokorra. Premia horietako batzuk dira ostatuleku gisa erabiltzen diren higizienek eskatzen zaizkien gutxienezko baldintzak betetzea eta leku kopuru nahikoa edukitzea, bizigarritasun eta duintasun baldintza egokietan.

Dekretu honetan zehazten denez, diruz lagundu daitezke sasoiko langileentzako ostatulekuen sarea handitzera eta hobetzera eta ostatu baldintza duinak bermatzera zuzendutako proiektuak edo jarduketak, eta sasoiko langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden denboran lurraldean integratzera bideratutakoak

Horien barruan egon daitezke ostatulekuak eraikitzeko lanak edo, kasua bada, ostatulekuen erosketa, eta ostaleku horiek gaitzeko, eraberritzeko, handitzeko, egokitzeko, hobetzeko eta hornitzeko lanak, ostatuleku erregistratua izateko eskatzen den araudia bete ahal izateko. Laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urte batean edo urte bat baino gehiagoan gauzatu ahal izango dira.

Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da laguntzen deialdian sartzeko eskaerak aurkezteko epea, eta bukatu, berriz, fondoak guztiz agortzen direnean bukatuko da edo, bestela, ekitaldi honetako azaroaren 15ean. Fondoak agortzen badira, Landa eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak emango du horren berri, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.