Hiru pertsona atxilotu dituzte Iruraiz Gaunako Santa Isabel baselizan lapurreta egiten saiatzeagatik

0

20 urtetik 43 urtera bitarteko hiru gizonezko atxilotu zituen atzo eguerdian Ertzaintzak, Iruraiz Gaunako udal-barrutian dagoen Santa Isabel baselizan lapurreta egiten saiatzeagatik.

Atzo eguerdiko 12:30 inguruan, Ertzaintzak jakin zuen ustez lapurreta egin zutela Adanako leku bazter batean dagoen Santa Isabel baselizan. Adierazitako lekura hurbildu ziren agenteek auto bat ikusi zuten baselizarako bidean aparkatuta, eta barruan erremintaren bat edo beste eta eskularruak zeudela ikusi zuten.

Baselizara iritsi zirenean, agenteek egiaztatu zuten lurretik bi metrora, goiko solairuko balkoian, behartuta zegoela sarrera ixten zuen atea. Barruan hainbat erreminta, hala nola pikotx bat, bihurkin bat eta bidean aparkatuta zegoen autoan ikusitakoen antzeko eskularruak zituen poltsa bat ikusi zuten. Halako batean, agenteek zaratak entzun zituzten beheko solairuan, eta eskailerak jaitsi zituztenean hiru pertsona aurkitu zituzten ezkutatuta. Agenteek hiru pertsonak atxilotu zituzten indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.