Urkullu parkea itxi du Barakaldoko Udalak botelloirik egin ez dadin

0

Arrontegi auzoko Urkullu Parkea iraunkorki ixtea erabaki du Barakaldoko Udalak, beste abisu bat eman arte, bertan, gazte-kuadrillak etengabe ari direlako botelloia egiten.  Hirian hautemandako Covid-19 kasuen gorakada aztertu dute, baita poliziaren gomendioak ere. Bileran, halaber, bi gorputzen patruilak elkarrekin jardutea eta hiriko beste gune batzuetan botelloiaren kontrola indartzea adostu dute, bai eta ostalaritzako lokaletako terrazetakoa ere.

Eusko Jaurlaritzak botelloia egiteko debekua ezarri zuenetik, koronabirusa transmititzeko moduetako bat zelakoan, Barakaldoko Udalak kontrol zorrotza egin du gazteek jarduera hori egiteko elkarretaratzen diren ohiko eremuetan. Izan ere, orain arte 21 salaketa-akta egin dira.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak gaur goizean deitutako bileran, poliziaren datuak aztertu dituzte, bai eta azken egunetan herritarrek etengabe egiten dituzten salaketak ere, Urkullu parkean gaueko ordu txikiak arte gazte koadrillak botelloia egiten zeudela ohartaraziz. Egokitzat jo da parkerako sarbideak ixtea, eta gaurtik bertatik sartzea debekatuta dagoela adierazteko jarraibideak eman dira. Datozen egunotan itxitura berriak jarriko dituzte, hesi altuagoak, alegia, inork jauzi egin  ez dezan, gaur egungoekin gertatzen den bezala.

«Atzemandako kasuek kezkatzen gaituzte, eta Barakaldon orain arte fokurik aurkitu ez bada ere, kaltetuen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta Osasun sailburuak atzo emandako alerta-mezuak ez du zalantzarik uzten gure esku dagoen guztia egin behar dugula birusak aurrera egin ez dezan», nabarmendu du Amaia del Campo alkateak. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arduradunak elkarrekin koordinatuko dira eta patruilak egingo dituzte, botelloia saihesteko. Era berean, ostalaritza-establezimenduetako terrazak kontrolatuko dituzte, musukoak behar bezala erabiltzen direla egiaztatzeko.

«Barakaldarrek musukoa erabiltzeko ohitura hartuta daukate dagoeneko, baina, hala ere, 169 salaketa jarri dizkiegu musukoak erabiltzen ez zituzten edo behar ez bezala erabiltzen zituztenei», argitu du Barakaldoko alkateak, eta auzokideen inplikazioa eskatu du Covid-19ak aurrera egin ez dezan.

Del Campok, gainera, herritarren laguntza eskatu du Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko, botelloia egiten ari direnak antzematen dituztenean edo etxe partikularretan festak egiten ari direla susmatzen denean. «Orain arte, gure agenteek 48 jarduera egin dituzte etxebizitzetako zaratekin zerikusia izan duten eskakizunengatik, eta erne jarraitu behar dugu, denoi eragin diezagukeen  mehatxua baita koronabirusa,  gutxien espero dugun tokian eta momentuan», esanez amaitu du alkateak.