“Kopa intentsitate berdinarekin jokatzen jarraitu behar dugu”

0

Athletic eta Elche CF taldeen arteko Errege Kopako final-hamaseirenetako zozketaren berri izan bezain laster, Iago Herrerinek prentsaurrekoa eman du Lezamako prentsa aretoan. “Egia esan, bolak pasatzen ari ziren eta izen handiko aurkariak geratzen ari ziren“, aitortu du lehiaketaren bi partidetan hamaikakoan jokatu duen atezainak. “Zelai ezaguna da, duela gutxi han jokatu dugulako Intercity-ren aurka. Kontuz ibili beharko dugu Elcherekin, partida bakar batean edozer gauza gerta daitekeelako; formatu honek ez dizu inolako akatsik egiteko aukerarik ematen. Baina dagoeneko 3. Mailako taldeen aurka jokatu dugu Kopa honetan, eta seriotasun handiz hartu dugu. Horrela egiten jarraitu behar dugu lehen minututik“.

Herrerinek aurtengo denboraldian egin duen jardunari ere erreferentzia egin dio: “Kopan jokatzea tokatu zait, baina eginkizun horrekin ere ez naiz egokitzen. Jakina, denok gehiago jokatu nahi dugu, eta misterrak erabakitzen du. Objektiboak ere izan behar dugu, eta taldekide bat maila izugarrian badago eta taldea ere dinamika onean, zailagoa da. Nire zeregina etengabe entrenatzea da, eta Unairengana ahalik eta gehien hurbiltzea, tokatzen zaidanean hor egoteko“.

Athleticen hurrengo aurkaria den Celtari dagokionez (San Mames, igandea, 18:00etan), talde galiziarraren dohainak azpimarratu ditu atezain zuri-gorriak: “Jokalari bikainak ditu eta kalitate handiko jokalariak bereganatu ditu. Egia da ez direla uste zuten emaitzak ateratzen ari, baina oso arriskutsuak dira, lehen itzulian erakutsi zutenez. Baina gu ondo ari gara etxean, indartsu gaude San Mamesen, eta partida bizia planteatuko dugu hiru puntuak eraman ahal izateko“.