Donostiako Udalak Begoña Urroz-en omenez plaka jarriko du

0

Donostiako Udalak Begoña Urroz Ibarrolaren omenez plaka jarriko du hurrengo larunbatean, hilaren 10ean, Amarako geltokiaren aurrean. Gogoan izan, Begoña Urroz Ibarrola duela 60 urte hil zela Amarako geltokian izandako atentatu batean. Eta plaka jartzeko ekitaldi hau, lehengo legealdian Donostian bortizkeria jasan zuten pertsonei gune publikoan ikusgarritasuna emateko martxan jarri zen ekimenaren barruan dago.

Plaka jartzeko ekitaldia larunbatean, 12:00etan, egingo da Amarako Topoaren geltokian. Eta jarri diren beste plaka jartzeko ekitaldiekin bezala, omenaldi xumea egingo da, eta bertan, Begoñaren senideek parte hartuko dute.

Begoña Urrozek 22 hilabete zituen 1960.urteko ekainaren 27an Amarako tren geltokiaren kanpoaldean jarritako bonba baten ondorioz hil zenean. Eztandak eragin zizkion erredura larrien ondorioz, atentatuaren hurrengo egunean zendu zen Perpetuo Socorro klinikan. Urte askotan atentatua ETAk egin zuela uste izan zen, baina hainbat historialarien ikerketa batek ondorioztatu zuen atentatua Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación (DRIL) izeneko talde batek egin zuela.

Hortaz, Udalak hirian arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo García González eta Gregorio Ordoñez (guztiak ETAk erailak).

Gainera, lehengo legealdian Dbusen egoitzan Mikel Zabalza eta Angel Portugal gidariak oroitzeko plakak jarri ziren. Eta era berean, bi ekitaldi egin ziren ETAk eraildako Alfonso Morcillo Udaltzaingoaren sarjentuaren, eta Batallón Vasco Españolek eraildako Tomas Alba zinegotziaren omenez.