Euskadik Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu du

0

Gaur, Landa eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna dela-eta Hazi Fundazioak mahai inguru bat antolatu du eta bertan hartu du parte Arantxa Tapiak, Landa Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak. Pandemiaren egungo egoera dela-eta, jardunaldi osoa online egin da. Ekitaldiarekin, gizartearentzat eta, bereziki, krisi garaietan funtsezko oinarri direla erakutsi duten emakumeak bistaratzeko topaketa bat egin nahi izan da.

Bere interbentzioan, Arantxa Tapiak hauxe azpimarratu du: “osasunean, gizartean eta ekonomian dugun krisi larri honetan, baserri mundua balioan jarri da, eta agerian geratu da beharrezkoa dela kalitateko elikagaiak sortzen duen eta prestatuta dagoen sektore primarioa hurbil edukitzea. Emakumeak –gogora ekarri du– funtsezko elementua dira baserri mundu horretan, bai ustiategietako langile gisa edo jabe gisa, bai zaintzaile, hezitzaile eta famili gunearen oinarri gisa. Eta uste dut emakumeak, eta bereziki baserriko emakumeak, egoki aritu izan direla eta aitortza berezia merezi dutela, ustiategietan lanean jarraitu baitute gizarteko gainerakook oinarrizko jakiak eduki ditzagun.”

Online hitzaldiak

Mahai ingurua Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek aurkeztu du, eta aurkezpenean gogora ekarri nahi izan du “Euskadik Emakume Nekazarien Estatutu bat duela, zeinarekin nekazaritzaren sektorearen parte diren emakume guztien lana aitortua izatea lortu nahi den, orain arte ezkutuan egon baita». “Lanean ari gara –gehitu du– emakumeek organoetan duten ordezkaritza handitzeko, protagonista izan daitezen, eta ez soilik subjektu pasiboak.”

Gaur, azkeneko astean bideoan ikusi ahal izan diren hainbat hitzaldiren gainean eztabaidatu da. Hitzaldietan, hainbat emakume adituk, mahai inguruan ere parte hartu dutenek, baserriko emakumeen egungo egoera aztertu dute. Lehenengo hitzaldia, «Mis habilidades como emprendedora desde el empoderamiento personal” izenekoa, Maria Olartek aurkeztu du. Bigarrena, Silvia Pirisek emandakoa, emakumeek landa ingurunean duten partaidetzaren ingurukoa izan da. Hirugarren interbentzioan, Ana Elosegik eta Olatz Berastegik baserri munduko eremu partikularraren eta eremu kolektiboaren arteko distantziamenduari aurre egiteko oinarriak azaldu dituzte.

Emakume Nekazarien egoera

Hitzaldien zikloa amaitzeko, Beatriz Garciak Emakume Nekazarien Estatutuaren edukia garatu du, azpimarratuta “ordua dela emakume nekazariek beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak baliatzeko”.

Hazi Fundazioaren datuen arabera, Euskadin 12.699 ustiategi ditugu erregistratuta, 21.796 jaberi lotuak, eta pertsona horietatik %34 emakumeak dira. Famili ustiategietan lanean 9.000 emakume baino gehiago ari diren arren, landa eremuko hamar emakumeetatik hiruk egindako lana ez da ustiategi horien titulartasunean islatzen. Kasu askotan, horren arrazoia da emakumeek ekoizpenean egiten duten lana laguntza familiartzat hartzen dela. Funtsezko da nekazaritza sektorean lanean ari diren emakume guztiak Gizarte Segurantzan afiliatzea bultzatzea, bere lanaren ondoriozko eskubideez baliatu ahal daitezen eta horrela autonomia ekonomikoa galtzea ekiditeko.

Emakume Nekazarien Estatutua

2019az geroztik, nekazaritzaren eremuan diharduten eta laguntza edo dirulaguntza publikoak jaso nahi dituzten elkarte edo erakunde profesionalek, enpresarialek, sindikalek edo beste izaera batekoek gutxienez emakume bat eduki beharko dute beren zuzendaritza organoetan. Zenbaki hori handitu beharko da emakumeak gutxienez organo horietan %40 izan arte 2021etik aurrera.

Horrekin guztiarekin, gaur egun %25ekoa da erabaki organoetako emakumeen ordezkaritza.

Emakume Nekazarien Estatutuaren Legeak jasotzen ditu nekazaritza sektorean gizon eta emakumeen tratu eta aukera berdintasuneko printzipioa eragingarri bihurtzeko eta sektoreko esparru guztietan generoaren ikuspegia txertatzeko beharrezkoak diren neurriak.

Estatutuak emakume nekazarien eskubideak abiapuntutzat hartu eta eskubide horiek benetan erabiliko direla bermatzeko Administrazio Publikoek derrigor egin beharrekoa zehazten du.