Donostiak 5 milioi euro baino gehiago inbertituko eta 800 lanpostu inguru sortuko ditu

0

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenarenbidez, hiriko Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea ipiniko du abian. Laguntza pakete horren helburua lan merkatua suspertzea da, kontratazio berriei laguntzeko neurrien bitartez, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Aurreikuspenen arabera, 800 lanpostu inguru sortuko dira, urrian aktibatuko diren neurriei esker, non guztira 5.235.205 euro bideratuko diren.

Eneko Goia Donostiako alkateak administrazioen arteko “ahalegina eta lankidetza” nabarmendu ditu, baita planak sektore pribatuarekin duen lotura ere, “benetan eraginkorrak diren programak” antolatzeko, eta, hari esker, enpleguen galera moteltzeko. Ildo horretan, alkateak balioetsi du harrera ona izan zutela saltokietan eta ostalaritzan baliatzeko kontsumo bonuek eta halako ekimenek. Horrekin batera, gaineratu du enplegu planek “eraginkortasun egiaztatua” dutela lan merkatutik baztertuta dauden kolektiboei laneratzen laguntzeko.

Bestalde, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak honako hauxe nabarmendu du: “Plan honek tresna erabilgarria izan nahi du berriro ere hiriko saltoki eta negozio txiki askorentzat; izan ere, pandemiaren lehen olatuari eutsi ondoren, kezkaz ikusten dute haien egoera, osasun krisia berriro agertzearen ondorioz ugaritzen ari baitira murrizketa neurriak“.