Covid-19a heda ez dadin hartutako neurriak direla eta, 1.157 esku-hartze egin ditu Barakaldoko Tokiko Poliziak

0

Angel Madrazo Barakaldoko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak jakitera eman duenez, Udaltzaingoak hainbat neurri hartu ditu Eusko Jaurlaritzak Covidaren hedapena saihesteko.

“Azken hiruhilekoan mota horretako 1.157 esku-hartze egin dira, agenteek delinkuentziari aurre egiteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko egiten duten lanari gehitu zaizkionak”, jakinarazi du Madrazok.

723 zehapen-proposamen daude lotuta musukoa nahitaez erabiltzearekin, pandemiagatik eta/edo, azken aldian, 23:00etatik 06:00etara bide publikotik ibiltzeko ezintasunagatik. Gainera, 221 akta daude ‘botiloia’ egiteagatik, 187 esku-hartze etxebizitzetan egindako bileren zaratengatik, 10 lonjetan egindako bilerengatik eta 16 ostalaritza-lokaletan egindako ez-betetzeengatik.

Urrian, esku-hartzeen kopurua aurreko hilabeteen antzekoa izan da: 207, musukoa nahitaez erabiltzeagatik eta/edo gauez igarotzeagatik; 61, ‘botiloia’ dela-eta; 81, etxebizitzetako eragozpenengatik; 2, lonjetan egindako bilerengatik; eta 5, ostalaritzako lokaletan egindako ez-betetzeengatik.

Udaltzaingoak Halloweenen karietarako antolamendu berezia  prestatu du asteburu honetan, baina ez da aparteko gorabeherarik izan. Hala ere, agenteek 4 salaketa jarri zituzten ‘botiloiagatik’ eta beste 47, berriz, gauean musukoa eramateko edota bide publikotik ibiltzeko betebeharra ez betetzeagatik.

Herritarren segurtasunari dagokionez, Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du asteburuan emakume bati sexu-abusuak egiteagatik, eta beste bat, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen ari baitzen. Legez ezarritako tasa hirukoizten zuen gizonak garaje bateko sarreran kalteak eragin zituen.