Euskal Autonomia Erkidegoak eta Flandriak lankidetza indartzea eta euren harremanetan sakontzea erabaki dute

0

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Flandriako ministro eta presidente Jan Jambonek bilera egin dute gaur goizean. Bilera horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Flandriak dituzten lankidetzako esparruak aztertu dituzte. Esparru horiek zabaldu egin ziren bi gobernuek 2015ean sinatu zuten Lankidetza Akordioaren ondoren. Izan ere, Euskadi Basque Country nazioartekotze-planean, Flandria zerbaitegatik da eskualde estrategikoa.

Hasieran modu presentzialean egitea aurreikusita zegoen bilera, azkenean, modu telematikoan egin da pandemiaren ondorioz. Bertan, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorzak ere hartu du parte.

Bilerak balio izan du COVID-19ak eragindako egoera eta bi lurraldeek pandemiari aurre egiteko hartu dituzten neurriak aztertzeko. Alde horretatik, bi presidenteek zorroztasunez eta erantzunkidetasunez jarduteko beharra azpimarratu dute, krisi sanitarioa, ekonomikoa, soziala eta “herritarrentzako emozionala ere badena” gainditu ahal izateko.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Flandriak lankidetza estua duten esparru estrategikoak aztertu dituzte, adibidez, kultura- eta sormen-industriak, bioteknologia, adimen artifiziala, klima-aldaketa edo turismoa, besteak beste.

Amaitzeko, Iñigo Urkulluk eta Jan Jambonek Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Flandriaren ahalmena aitortzeko eskatu dute —eskuduntza propioak eta legegintza-ahalmena dituzte— “Europar Batasunaren barruan errealitate politikoaren eskubide osoko subjektu aktibo izateko”.

“Maila anitzeko benetako gobernantza batean oinarritutako eta bere aniztasunean bat egiten duen gure parte-hartze aktiboa sustatzeko Europa ireki bat” defendatzen dugu.