Indarkeria matxistaren biktimen arretarako euskal sistemak pandemian zehar ondo erantzun duela defenditu du Artolazabalek

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak COVID 19ak sortutako pandemiaren lehen eta bigarren olatuetan indarkeria matxistaren biktimen arretarako euskal sistemak modu egokian erantzun duela defendatu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Sailburuaren hitzetan, Euskadin «egitura eta zerbitzu finkatuak eta erakundeen arteko koordinazio-lana» izatea funtsezkoa izan da aurretik inoiz bizi izan ez dugun egoera bati aurre egiteko. Egitura honek zerbitzu guztiak martxan mantentzea ahalbidetu du, egoera berrira egokituz. Egitura sendoen artean, Artolazabalek azpimarratu du Euskadin egiten den erakunde arteko koordinazio-lana, indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko II. Akordioaren bidez. Akordio horrek aukera ematen du emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko lanetan parte hartzen duten Eusko Jaurlaritzako sailen, Foru aldundien eta udalen arteko maila anitzeko koordinazioa egiteko. Elkarlanerako ohitura hori pandemiaren bigarren boladan ere mantentzen da.

Artolazabalek azaldu duenez, pandemiaren hasieratik hona zerbitzu guztiak mantentzeaz gain, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako 24 orduko informazio- eta arreta-zerbitzu espezializatuaren (SATEVI, 900 840 111) zabalkunde-lanak indartu egin dira. Sailburuak azpimarratu duenez, SATEVI “telefono bidezko arreta-zerbitzua da, profesional espezializatuek artatua», tartean psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek. Ez dago Espainiako 016 arreta zerbitzua bezala tele-operadoreek artatuta. SATEVIk, gainera, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako genero-indarkeriaren biktimak ez ezik, Istanbulgo Hitzarmenean jasotako emakumeen aurkako indarkeriaren beste adierazpen batzuen biktimak ere artatzen ditu, hala nola sexu-indarkeria, prostituzio behartua edo sexu-jazarpenaren biktima diren emakumeak, besteak beste, bai eta haien senideak edo haien hurbileko pertsonak ere.

Artolazabalen hitzetan, «zerbitzuak % 10eko batez besteko igoera izan zuen lehen olatuaren hilabeteetan: 2019an 685 izatetik 2020an 757 izatera igaro zen. Datuetatik ondorioztatzen da emakumeek nahiago izan dutela denboran irauten duten eta, gainera, bizi izan ditugun egoera ezezagunetara egokitu ahal izan diren zerbitzu finkatuak aukeratu «.

Zerbitzu horrekin batera, Artolazabalek beste baliabide batzuk ere aipatu ditu, hala nola, foru-aldundien laguntza psikologikoko zerbitzuak, 112 app-aren zabalkundearen indartzea (telefono-deirik gabeko larrialdi baten berri emateko aukera ematen duena), arrisku gisa identifikatutako kasuetan Ertzaintzaren kontrazaintzen areagotzea, indarkeriaren biktima eta indarkeriatik bizirik atera diren emakume-elkarteekin harremanak haien behar espezifikoak ezagutzeko, eta premiazko harrera zerbitzuetan erantzuna indartzeko aurreikuspena, besteak beste.

Sailburuak ziurtatu duenez, euskal arreta-sistemaren erreakzioa «eredugarria izan da Espainiako Estatuan».