5,9 milioi euroko inbertsioa eginez, Azkoitian alokatzeko 40 etxebizitza babestu eraikitzeko hitzarmena

0

Gobernu Kontseiluak Azkoitiko Udalarekin lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena eman du. Baimen horri esker, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak herri horretako Txalon Erreka eremuan alokatzeko 40 etxebizitza babestu eraiki ahal izango ditu. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Sailak hiru partzela —guztira, 1.227 metro karratu— erosiko ditu Txalon Errekako 10. Sektorean. Horretarako, 1.080.910 euro ordainduko dizkio Udalari.

Gune horretako hirigintza-tramitazioa amaituta, datorren urtean P-2 eta P-3 partzelak erostea aurreikusi dute. Partzela horietan 12 etxebizitzako bloke bana eraikiko dituzte. 2022. urtean, berriz, P-1 partzela erostea aurreikusi dute, bertan beste 16 etxebizitza eraikitzeko.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak partzelen erosketa formalizatzen den unetik hasi eta lau urteko epean hiru blokeen eraikuntza- eta urbanizazio-obrak amaitzeko konpromisoa hartu du. Hortaz, lan horiek 2026an amaituta egotea espero da. Lurren erosketaren eta eraikinen eraikuntzaren kostuak batuz, 5,9 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Hitzarmenari esker, Txalon Erreka sektorea bere osotasunean aktibatzea eta bertan Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 170 BOE sustatzea ahalbidetuko da. 40 etxebizitzako hiru blokeak egingo dituen Visesa sozietate publikoak, eremu honetan, beste 130 etxebizitza eraikitzeko lurzorua du.