Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren egoitza berriari bisita Tolosan

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak eta Olatz Peon Tolosako alkateak Gipuzkoako udalerriko Musika Eskolan kokatuta dagoen Familia Elkarguneko instalazioak bisitatu dituzte, gaur; instalazio horietan, aste honetatik aurrera, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren beste egoitza bat egongo da. Zerbitzua Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta zerbitzua bera publikoa eta doakoa da.

Egoitza horren ondorioz, zerbitzua hedatu egin da; izan ere, gaur egun bulegoak ditu Donostia-San Sebastiánen (Larramendi kaleko 1 zenbakian), Vitoria-Gasteizen eta Bilbon. “Zerbitzua Tolosara eta Tolosaldeara zabaltzeak aukera emango die gipuzkoar askori zerbitzura jotzeko, Donostia-San Sebastiánera joateko beharrik izan gabe”, esan du Artolazabalek.

Egoitza berri hori erakundeen arteko elkarlanari esker lortu da; izan ere, Tolosako Udalak laga du bere lokala. Olatz Peon alkateak bere poztasuna adierazi du, azpimarratuz, Tolosan eskainitako zerbitzu berria erakundeen arteko elkarlanaren ondorioa dela berriro ere eta beraz, bi erakundeek pertsonen ongizatearekin duten konpromisoa, batez ere adin txikikoekin, berretsi dutela. “Zerbitzu berri honek Familia Elkargunean eskaintzen direnak osatuko ditu eta ondorioz, familiei eta din txikoei zerbitzu integrala emango zaie”. “Zerbitzuak herritarrengandik hurbil kokatzea oso garrantzitsua da, eskuragarriak bilakatzeko, are gehiago egungo egoeran, eta beraz, Tolosan kokatu den egoitza berriak zerbitzua hurbildu die bai Tolosako, Tolosaldeko eta inguruko herrietako biztanleei”, esan du alkateak.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzua familiei arreta emateko eta esku-hartze estrajudizialeko zerbitzua da; espazio neutral bilakatzen da edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko bitartekaritzaren bidez. Borondatezko eta doako zerbitzua da, eta zuzenean jo daiteke hartara; alegia, ez dago zertan beste eremu batetik bideratu.

Hori horrela, Artolazabalek honako hau gogorarazi du: “bitartekaritza gatazken ebazpenean komunikaziorako eta entzuterako bide ematen duen espazioa da, eta aukera ematen du gatazkak elkarrizketan oinarrituta kudeatzeko, familia-gaiak judizializatu gabe”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak familia-gatazka batean murgilduta dauden pertsonen eskura jartzen du zerbitzua. Pertsona horiek familia-gatazkan egon daitezke, besteak beste, honako egoera hauengatik: bikoteak apurtu izana (ezkontideak edo izatezko bikoteak) edo familia-inguruneko beste gertakari batzuk, esaterako, gurasoen eta haien seme-alaben arteko gatazkak, familia biologikoaren eta harrerako familiaren artekoak, familien barruan herentziagatik daudenak, familia-negozioen ondoriozkoak eta abar. Zerbitzuak bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Euskadin.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak, Tolosan, astelehenero eskainiko ditu bere zerbitzuak, eta bertara jotzeko, hitzordua eskatu beharko da aurretik, honako telefono hauen bidez: 943 576 208 (Gipuzkoa); 945 171 125 (Araba) eta  944 277 788 (Bizkaia).

Udalerrian, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak espazio fisikoa partekatuko du Familia Elkargunearekin, zeina Justizia arloaren mendekoa baita, bai eta Artolazabalek zuzentzen duen sailaren mendekoa ere. Hala ere, bien arteko aldeak nabarmenak dira (dokumentua erantsi da).

Covid-aren aurkako neurri zorrotzak

Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak aurrez aurreko jarduerari eusten dio. Ekainean heldu zitzaion berriro, osasun-segurtasuneko neurri zorrotzekin: espazio guztiak sakon garbitzen dira; bitartekaritza-saio bat egin ondoren, erabili diren altzari guztiak desinfektatu egiten dira; modu berean, posible denean, gelak aireztatu egiten dira, saio bakoitzaren ondoren; txandak eta hitzorduak arrazionalizatu egin dira, itxaronaldirik egon ez dadin; horrek aireztatzeko, bulegoa desinfektatzeko eta ezarritako garbiketa-protokoloa betetzeko tarte nahikoa ezartzea dakar; manparak jarri dira bulegoko mahaietan eta bilera-mahaietan; gel hidroalkoholikoa banatzen zaio bertara doan pertsona bakoitzari; maskarak erabili behar dira derrigorrean; ahal den neurrian elementu komunak erabiltzea saihesten da, eta gutxienez bi metroko distantzia gordetzeko ahalegina egiten da.

Martxoan, lehen alarma-egoera eta konfinamendua dekretatu ondoren, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak zerbitzuak zabalik izan zituen telefonoz eta posta elektronikoz. Gainera, konfinamenduan zehar, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak etxeetan bizikidetza hobetzeko aholkuak diseinatu eta zabaldu zituen. Haietan, hainbat familia-egoera jaso ziren: adinekoak edo mendeko pertsonak kargura zituzten eta, dekretatutako itxieraren ondorioz, eguneko zentroetara edo erretiratuen lokaletara eraman ezin zituzten familiak; bakarrik edo bikotean bizi ziren 65 urtetik gorako adinekoak; seme-alaba txikiak zituzten familiartekoak; nerabeak zituzten familiak eta abar.