Eusko Jaurlaritzak 9,5 milioi euro baino gehiagoko finantza laguntza berriak gaitu ditu mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorerako

0
  •  Aurten, 20 milioi eurotik gorakoak dira mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorera bideratutako sustapen eta inbertsio laguntzak
  •  2017tik, 132 enpresa izan dira Ardoaren OCMn ardoaren sustapenerako aurreikusitako laguntzen onuradun, eta 72 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egin dituzte
  •  2015etik, 100 enpresak baliatu dituzte Ardoaren OCMk inbertsioetarako ematen dituen laguntzak, eta 25 milioi euroko diru laguntzak jaso dituzte

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak proposatuta, ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan ezagutarazteko eta sustatzeko 2021eko maiatzaren 1etik 2022ko apirilaren 30era arte garatuko diren ekintza eta programetarako laguntzak –9 milioi euro, kalkuluen arabera– iragartzen duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak, bere azken Kontseilu bileran. Halaber, onartu du 635.000 euro gehiago bideratzea 2020ko ekitaldiko ohiko deialdian erantzunik izan ez duten mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko inbertsio proiektuetarako laguntzetara.

ARDOAREN OCM-REN SUSTAPEN PROGRAMA

Programa honen helburua da egungo egoera bideratzea euskal mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta beraien ardoek kanpoan kokapen sendoagoa eduki dezaten.  Itzuli beharrik gabeko laguntza zuzenak dira ardogintzako enpresentzat, ahalegin ekonomiko handia egiten baitute sustapenean, ekitaldi honetan COVID-19 pandemiak nabarmen kaltetu dituen arren.

Munduko osasun larrialdiak eragindako egoera zailari aurre egiteko, Ardoaren OCMren  2020-2021 aldirako sustapen programa hori bera, gaur egun gauzatzen ari dena, % 60ko aparteko laguntza izan du, eta 8,3 milioi euroko dirulaguntza aurreikusi zenetik 12,3 milioira igo da.

Eskarien aurreikuspena

Era berean, 2021-2022 aldirako orain iragartzen den programa berri honetarako laguntzak 2021eko urtarrilean eskatuko dira, 2021eko maiatzetik 2022ko apirilera bitartean gauzatzeko. Aurreikusitako laguntzen zenbatekoa aurreko ekitaldietakoen antzekoa izango da, 9 milioi eurokoa, eta 15 milioi euroko kanpo sustapeneko jarduerak sortuko dituzte.

Ardoaren OCMn ardoaren sustapenerako aurreikusitako laguntzek 132 enpresari egin diete mesede 2017tik, eta enpresa horiek 72 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egin dituzte.

Orain onartzen diren dirulaguntzak hirugarren herrialdeean produktu hauek ezagutarazteko eta sustatzeko jardueretara bideratuta daude: ardoak, likore ardoak, ardo apardunak, kalitateko ardo apardunak, kalitateko ardo apardun aromatikoa, ardo txinpartaduna, ardo txinpartadun gasdunak, mahaspasa bihurtutako mahatsen ardoak, gehiegi heldutako mahatsen ardoak, eta ekoizpen ekologikotik datozen ardoak.

Eskabideen aurkezpena

Ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan ezagutarazteko eta sustatzeko ekintza eta programetarako laguntzak eskatzeko agiriak aurkezteko epea Agingua argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da, eta 2010ko urtarrilaren 15ean bukatuko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan sartuta aurkeztuko dira.

http://www.euskadi.eus/servicios/

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/

ARDOAREN OCM-REN INBERTSIO PROGRAMA

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du  635.000 euro gehiago bideratzea mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean 2020ko ekitaldiko ohiko deialdian erantzunik eduki ez duten inbertsio proiektuetarako laguntzetara. Ardoaren OCMren 2020ko inbertsio programari bideratutako 7,5 milioi euroei gehitu behar zaie kopuru hori.

2015etik, 100 enpresak baino gehiagok baliatu dituzte laguntza horiek, 25 milioi euro eskuratuta.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio. Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira.

Laguntza finantzario horiek guztiak dira Eusko Jaurlaritzak edarien sektoreari laguntzeko abiarazitako ekimenetako bat, tartean direla, besteak beste, sektorearen lehiakortasuna areagotzeko ekimena, posizionamendurako eta salmentarako ekintzak indartzekoa eta Euskadiko upategi eta ardoak sustatzeko ekintza berriak martxan jartzekoa, ARDOA Basque Winne Officek koordinatuta.