Eusko Jaurlaritzak banda zabala Euskadiko landa-eremuetara zabaltzeko azken zatiari ekingo dio

0
  • Lakuak 3 milioi euro gehiago inbertituko ditu Interneten sartzeko azpiegiturarik ez duten 149 herriguneetara iristeko
  • Eremu zuriko 4.710 etxebizitzari konektagarritasuna emango die, eta hala, arrakala digitala arinduko du eta lurraldeko desoreka murriztuko du 

Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan Interneterako sarbiderik ez izateagatik dagoen lurraldeko eten digitalak bereak egin du. Eusko Jaurlaritzak, Informazioaren eta Telekomunikazioen Zuzendaritzaren bidez, beste hiru milioi euro inbertituko ditu banda zabala Euskadiko landa-guneetara eta biztanle gutxien dituzten eremuetara zabaltzeko. 149 herrigune inguru zuntz optikoaren sarera konektaturik geratuko dira eta, horri esker, orain arte konektagarritasunik ez zuten 4.710 baserri eta etxebizitza lotuta geratuko dira. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak laguntzak eskainiko ditu telekomunikazioen operadoreak banda zabaleko sarea ‘eremu zuri’ horietara zabal dezaten bultzatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako deialdi berriak diru-laguntzak emango dizkie operadoreei biztanle gutxiagoko eremuetara zuntz optikoa eraman dezaten. Askotan, landagune isolatu horietan ez dago telekomunikazio azpiegiturarik, eta operadoreak ez dira horietara iritsi ez dutelako inbertsio errentagarririk ikusten. Informazioaren eta Telekomunikazioen Zuzendaritzak garatu du proiektua eta hiru milioi horiek 2021etik 2023ra bitartean banatuko dira. Beraz, bi urtean ia Euskadi osoa (ez bakarrik herri handi eta ertainak, baita Euskadi landatarra ere) banda zabaleko sarera konektatuta egongo da.

Eusko Jaurlaritzak Interneteko konexio azkarra eta segurua deialdi publiko batean ezartzea espero du eta, behin lehiaketa publikoa ebatzita, gune horietara banda zabalaren hedapena 24 hilabetetan egingo da.

Jarduera horren onuradun izango diren eremu gehienak Arabakoak dira, 92 guztira, eta ondoren Bizkaikoak (50) eta Gipuzkoakoak (7). Arabako eta Bizkaiko lurraldeetan nukleo batzuk aurreko deialdietan jasota egon ziren, baina, hainbat arrazoi tarteko, operadoreek ez zuten pizgarririk aurkitu. (Ezin izan zuten zuntza jarri baimenik ez zutelako izan jabe partikularren edo beste enpresa batzuren baimenik eta beraien lurretatik pasatzea ukatzen zutelako).

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak aurkeztu du diru-laguntzen deialdia Gobernu Kontseiluaren ondoko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak pertsona eta enpresa guztientzat %100eko konektibitatea lortzeko egin duen ahalegina goraipatu du sailburuak, eta banda zabala landa-eremuetara zabaltzeko egin den inbertsioa azpimarratu du, guztira, lau deialdietan, 10.197.773 euro.

Garamendik gogorarazi duenez, zuntz optikoa duten 149 landa-eremu horiei aurreko hiru deialdietan iritsitako ia bostehun landa-eremuak gehitu zaizkie, eta, horrela, Euskadiko landa-mapa guztia bete da.

Covid-aren pandemiaren ondoriozko osasun-krisiak agerian utzi du gizarte konektatu baten garrantzia eta banda zabaleko sareetarako sarbidea oso baliagarria izan da herritarrentzat eta administrazioarentzat pandemiaren kudeaketan. Baita dagoeneko banda zabala duten landa-herrietan ere. Horri esker, etxetik telelana egin eta nolabaiteko lan-jarduera garatu ahal izan dute banda zabalari esker; konfinamenduan ikasleek etxetik eskola birtualak jaso ahal izan zituzten; ERTEak online izapidetu ahal izan dituzte; familiei eta enpresei laguntzak emateko prozesua errazagoa izan da edota online erosteko ere etxetik irten beharrik gabe.

Eusko Jaurlaritzaren asmo handiko proiektu estrategiko hau 2016an onartutako Euskadi 2020 Agenda Digitalaren barruan kokatzen da. Jaurlaritzak apustu garbia egin du edozein biztanle-gunetan bizi diren pertsonen eta enpresen konektibitatea hobetzearen alde, edozein dela ere haien biztanle kopurua eta tamaina.

Halaber, ekimen honi esker, Euskadik Europa 2020ko Agenda Digitalean ezarritako helburuak bete ahal izango ditu. Programa horrek belaunaldi berriko banda zabala herritar guztiei unibertsalizatzea du xede.

Euskadi Espainiako Estatuko buru da banda zabal ultralasterreko estaldura duten etxeen portzentaian. Beste herrialde batzuekiko konparazioan ere oso ondo kokatuta gaude, izan ere Suedian, Finlandian eta Danimarkan, esaterako, estaldura hori duten familien %90 baino gehiago dira.