Energiaren Euskal Erakundeak Euskalsis sortu du: jarduera sismikoa detektatu eta kontrolatzeko euskal sarea

0

Sarea gaur goizean aurkeztu da, Oiartzunen. EAEko geografiako hainbat tokitan barreiatutako 15 estazioz osatua dago, eta jarduera sismikoa monitorizatuko du une oro.

Energiaren Euskal Erakundeko Geologia eta Meatzaritza Baliabideen Sailak sustatutako ekimenak aukera emango du arrisku sismikoak zehatz-mehatz ebaluatzeko eta Euskadiko substratuaren gaineko ezagutza geologikoan aurrera egiteko.

Oiartzun, 2020ko abenduaren 4a. Hemendik aurrera Euskadik sare berezi bat edukiko du, jarduera sismikoa neurtzeko 15 estazioz osatua: Euskalsis. Estazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat puntu geografikotan kokatuta daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Behatoki Geozientifikoa osatzen dute.

Gaur aurkeztu dute proiektua, Oiartzunen kokatutako estazioetako batean barrena egindako bisitaldian, eta sarearen helburu nagusia da jarduera sismikoa (normalean hautemanezinak diren zorupeko mugimendu txikiak) monitorizatzeko sistema iraunkor bat ezartzea. Proiektuak aukera emango du komunitate zientifiko-teknikoarentzat bereziki eta herritarrentzat oro har interes handikoa den informazioa lortzeko, eta funtsezkoa izango da arrisku sismikoak zehatz-mehatz ebaluatu eta substratuaren ezagutza geologiko bat izateko, proiektu eta azpiegiturak garatzeko lagungarri. Kasu gehienetan mugimendu sismikoak aldez aurretik iragartzeko modurik ez bada ere, sare hau tresna eraginkor bat izango da mugimendu horiek ebaluatu eta interpretatzeko, eta denbora errealean bildutako datuak jendearen eskura jarriko dira aurki, honako webgune honen bitartez: https://geominero.eve.eus.

 

Euskalsis sareak aukera ematen du euskal geografiaren zorupea aztertzeko prozesu naturalei edo induzituei etengabe jarraituz, eta, horri, esker, “oinarrizko sismizitateko” datuak lortu ahalko dira, eta jarduera handiena duten egitura geologikoak (failak, nagusiki) hobeto ezagutzeko aukera izango da. Arrisku sismikoaren araberako lurren mapaketak egitea lagungarria izango da eremu geografiko bakoitzerako eraikuntza-arau egokiak ezartzeko, edota EAEko lurraldean erabilera jakin batzuk mugatzeko.

 

Neurtzeko estazioak

Sismografoa da instalazioaren muina. 65 cm-ko kapsula bat da, eta uhin sismikoak neurtzen ditu. 10 m-ko sakonerako eta 10 cm-ko diametroko (hodiratua) zundatze hodiratu batean kokatzen da, eta datuak biltzen ditu etengabe, haien posizio geoerreferentziatua eta inklinazioa aintzat hartuz. Aparatu horiek instalatzeko prozesuan zehar, Euskalsis sarearen sismografoak gauza izan ziren urriaren 30ean Turkian izan zen 7 magnitudeko lurrikara erregistratzeko, eta, askoz ere nabariago, azken hilabeteetan Nafarroan izandako lurrikarak erregistratzeko.

Gainazalean, neurketa-estazioak bateriak babesteko armairu batez, modem batez eta digitalizatzaile batez osatuta daude, sismografoak jasotzen duen seinalea digitalizatzeko eta bidaltzeko ekipamendua osatzen dutenak, eta eguzki-plaka bat ere badute, instalazioaren funtzionamendurako beharrezkoa den energia emateko. Gaur egun, datuak Energiaren Euskal Erakundean eta Oviedoko Unibertsitatean jasotzen dira. Azken hori erreferentziazko erakundea da diziplina honetan, eta EEEko Geologiako taldearekin elkarlanean jardun du sarea hau diseinatu eta garatzeko lanetan. Instalazioa ez da kaltegarria, inondik inora, pertsonentzat edo inguruko animalia eta landareentzat. Estazio bakoitzak bederatzi metro karratuko azalera du, gutxi gora behera, eta metalezko hesi batez babestua dago.

Estazioen mapa

Abanto-Zierbena, 2- Bermeo, 3- Markina-Xemein, 4- Bidania-Goiatz, 5- Oiartzun, 6- Artziniega, 7- Zeanuri, 8- Abaltzisketa, 9- Urkabustaiz, 10- San Millán/ Donemiliaga, 11- Lantarón, 12- Bernedo, 13- Harana/ Valle de Arana, 14- Labastida/ Bastida, 15- Yécora/ Iekora