Barakaldoko bigarren eskuko jostailuen bilketa solidarioan 180 kutxa baino gehiago bildu dira

0

Barakaldoko herritarrek erantzun positiboa eman diote berriro Udalak helburu solidarioa duten bigarren eskuko jostailuak biltzeko sustatutako ekimenari.  Haurren Merkatu Txiki Solidario tradizionalean Lehen Hezkuntzako 500 ikasle baino gehiago inplikatu izan dira beren jostailuak saltzen, baina koronabirusa dela eta, aurten ezin izan da gauzatu.  Horren ordez, Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloak jostailuen bilketa solidarioa martxan jarri zuen, eta 180 kutxa baino gehiago betetzea lortu du.  Diru-bilketa Koopera Caritasen gizarte-proiekturako erabiliko da. Proiektu horrek prezio sozialetan salduko ditu jostailuak Bizkaia osoan, Barakaldo barne, dituen denda fisikoetan.

Bilketa solidarioa joan den asteburuan egin zen, Clara Campoamor zentroan.  «Tamalez, ezin izan dugu ospatu ikasleek ilusio handia jartzen duten Haurren Merkatu Txiki Solidarioa ekimena.  Baina Gurasoen Elkarte batzuetatik iritsi zitzaigun erronka aurrera eramatea erabaki genuen, eta herritarrei dei egin genien aurten lagundu eta parte hartu zezaten jostailu-bilketan. Pandemiagatik, hain zuzen ere, inoiz baino beharrezkoago ikusten genuen prezio sozialeko jostailuak edukitzea «, adierazi du Amaia del Campo alkateak. «Berriz ere, Barakaldok ondo erantzun dio egin dugun elkartasun-deiari», azpimarratu du.  «Oso erantzun ona izan da, eta Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu Gabonetako magia ahalik eta etxe gehienetara iristea ahalbidetu duten pertsona guztiei».