Bingen Zupiria: “Neurriak betetzeko konpromisoa beharrezkoa izango da datozen hilabeteetan, pertsona askoren bizitza eta osasuna daude jokoan”

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, datuek erakusten dutenaren arabera, indarrean dauden arauak betetzea egokia izaten ari da; hala ere, egiaztatu da bilkura sozialetan, leku jendetsu eta itxietan ezagunekin pilaketak edo topaketak egiten direnean, erlaxazio handia dagoela eta arrisku-egoerak sortzen direla.

Hala, orain auzitan dagoena ez dira Gabonak, aurretik ditugun hilabeteak baizik. “Neurriak betetzeko konpromisoa beharrezkoa izango da datozen hilabeteetan, pertsona askoren bizitza eta osasuna daude auzitan“”, adierazi du.

Gobernu Kontseiluaren bileran hartutako erabakiei dagokienez, Bingen Zupiriak jakitera eman duenez, gaurko Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Lehendakariak aurkeztutako ekimena, zeinaren bitartez Eusko Jaurlaritzak bat egiten duen New Yorkeko udalak 2030 Agenda sustatzeko bultzatu duen adierazpenarekin. Zupiria sailburuak azaldu duenez, atxikimendu horrekin Gobernuak Garapen Iraunkorrarekin konpromisoa hartzen du, pobrezia egoera larrienekin amaitzeko, ezberdinasunen eta injustizien aurka lan egiteko, eta aldaketa klimatikoaren ondorio kaltegarriak ekiditeko konpromisoa, hain zuzen.

“Euskal Herriko Poliziaren Gardentasun eta Kontrolerako Batzordea” osatuko duten sei pertsonen izendapena ere onartu du gaur goizeko Gobernu Kontseiluak. Kide anitzeko organo horrek polizia-erakundearekiko eta Segurtasun Sailarekiko autonomia funtzionala du (1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena, 15. artikulutik 20. artikulura), eta eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzeko sortu da. Zupiriak nabarmendu duenez, polizia-jardueraren gaineko kontrolen neutraltasunean eta objektibotasunean herritarrek duten legitimitatea eta konfiantza indartzeko, Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoari erantzuten dio batzorderaren sorrerak.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2020ko Lan Eskaintzaren akordioa onartu du gaurko bileran. Zehazki, akordio honen arabera deituko diren plazetan 836 Hezkuntza Administrazioari dagozkie; 700 dira Ertzaintzaren oinarrizko eskalan agente bezala sartzeko; eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan 1.002 langile estatutario finkorako deialdia izango da.

Hezkuntza arloan, gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran, alde batetik, Euskadi Ikerketa Sariaren deialdia egiten duen agindua onartu da; eta, beste aldetik, Donostia International Physics Center Fundazioari (FDIPC) 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea erabaki da, Neutrinoen Fisika-Laborategia hornitzeko eta ekipatzeko baliatuko dena, hain zuzen.   

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokionean, gaurko Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Zineuskadi elkarteari 236.000 euroko zuzeneko diru-laguntza emateko erabaki-proposamenari, “Itxitik” ezohiko sorkuntza-programa kudeatzeko. Zupiria sailburuak azaldu du, ikus-entzunezko produktu honek Covid-19k eragindako konfinamenduan zehar sektoreak pairaturako egoera dramatikoa eta bizi izandako errealitate artistikoa jasoko ditu.

Gobernu Kontseiluak, bestalde, 1.487.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du gaur EHME-Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearentzat. Diru-laguntzaren helburua “BESTE BAT!” zuzeneko arteen zirkuitua garatzea da; zehazki, honako helburu hauek ditu: Arte bizien programazioa eta lan jarduera areagotzea; segurtasun neurriak betez, publikoa kultur ekitaldietara eramatea; gizartea kultura sektorearen egoeraz sentsibilizatzea eta musika-aretoen jarduera babestea; eta bide batez bideragarritasun-ereduei buruzko hausnarketa-prozesu bati ekitea.

Bestelako neurrien artean, Eusko Jaurlaritzak Etika Publikorako Batzordearen osaera onartu du gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran eta aurrerantzean Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi Landa izango da batzordeburu. Bingen Zupiria sailburuak azaldu du, batzorde horren helburua da Eusko Jaurlaritzako kargu guztiek sinatu behar izaten dugun Etika eta Jokabide Kodean ezarritako aurreikuspenak betetzen direla zaintzea.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena