Ertzaintzak Araban espoliazio arkeologikoan ari zen talde kriminal bat desegin du eta 20.000 aztarna baino gehiago atzeman ditu

0

Pertsona bat atxilotu dute eta beste hiru ikerketapean geratu dira Araban eta Nafarroan

 

Ertzaintzak, Euskadiko Kultura Ondarearen espoliazio arkeologikoaren aurka burututako operazio baten esparruan, legez kanpo eskuratutako 20.000 pieza baino gehiago berreskuratu ditu, eta agintari judizialaren esku atxilotu bat eta hiru ikertu utzi ditu, nagusiki Araban, baina baita mugako beste lurralde batzuetan ere, hala nola, Nafarroan edo Kantabrian, kobazuloak eta aztarnategiak espoliatzen aritzen zen talde kriminal bateko kideak izateagatik.  Atzemandako material guztiak, silexezko hainbat eta hainbat elementu eta erreminta, hezur-hondarrak, zeramika eta metal zatiak, Arabako Arkeologia Museora eraman dituzte bertan katalogatu eta aztertu ditzaten.

Ertzaintzak egiten duen era honetako lehenengo operazioa, Estatuan egin den garrantzitsuenetako bat, Ertzaintzako Atal Nagusiko ertzain adituek lideratu eta koordinatu dute, eta bertan parte hartu dute Arabako Ikerketako Lurralde Zerbitzuko (SICTA), Gasteizko Ertzain-etxeko Herritarren Babeserako Ataleko eta Nafarroako Foru Poliziako agenteek. Operazio honetan Ertzaintzak Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuko arkeologoen laguntza teknikoa izan du. Ikerketa Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak zuzendu du, eta jarduketen gainean sumario-sekretua agindu zuen.

Kasua joan den ekainean jarri zen abian, Asparrenako Udalarekin egindako bilera baten ondoren. Bilera hartan Arabako Lautadako udalen eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkariak, inguruan lanean ari diren arkeologoak eta Ertzaintzako agenteak izan ziren. Arabako hainbat aztarnategitan, bereziki Asparrenako eta Aguraingo mugapeetan, aztarna historikoetan sumatutako kalteen eta lapurreten arazo larriaz hitz egin zuten bertan.  Bileraren ondoren, Foru Aldundiak hainbat salaketa jarri zituen espoliazio arkeologikoagatik. Gertaerak konplexuak eta larriak zirenez, salaketen kargu Ertzaintzako Atal Nagusiko, zehazki Ingurumenaren eta Hirigintzaren eta Ondarearen ataletako agenteak, Kultura Ondarearen aurkako delituak ikertzen adituak direnak, egin ziren.

Kobazuloen, giza asentamenduen eta aztarnategien espoliazioa

Polizia-atalak susmatu zuen ustezko delitugileek Eusko Jaurlaritzak jada babestu gisa deklaratutako kobazuloak, giza asentamenduak eta aztarnategiak espoliatzen zituen edo aztarnategi berrien bila ari zen talde kriminal bat osatzen zutela. Taldearen modus operandiari dagokionez, taldekideek aurretik informazioa biltzen zuten helburuak hautatzeko, eta gero kobazulo eta aztarnategietara joan eta legez kanpo hartzen zituzten aurkitutako aztarna arkeologiko guztiak. Horretarako, kata klandestinoak egiten zituzten metodologia zientifikorik jarraitu gabe, kalte konponezinak eraginez testuinguru arkeologikoetan, eta kobazuloen barruan egiten zituzten ibilaldi espeleologikoetan aurkitzen zituzten hondar guztiak biltzen zituzten.

Ikertzaileek jakin ahal izan zuten pertsona horiek 2010etik ari zirela legezko kanpoko jarduera horretan, eta taldeko kideek Interneten argitaratzen zituztela ibilaldi horietako bideo batzuk. Horrez gainera, ikertzaileek jakin zuten atxilotu duten pertsonak gordetzen zituela espoliatutako objektu gehienak, eta Aguraingo bere etxean garrantzi handiko bilduma pilatu zuen. Gainera, pertsona horrek bere bilduma konpentsazio ekonomikoen truke eskaini izan zuen, eta irabazi asmoz jarduten zuela esan nahi du horrek.

Arabako lurraldean bakarra den historiaurreko bilduma litikoa

Horren aurrean, Ertzaintzako Atal Nagusiak “Ondare” operatiboa planifikatu zuen, eta joan den ostegunean, hilaren 10ean, gizon bat atxilotu zuen Agurainen eta beste hiru gizon ikerketapean utzi zituen delitu bera leporatuta, horietako bi Agurainen bertan eta hirugarrena Nafarroako Ziordia herrian. Gainera, Instrukzio Epaitegiak etxebizitzan sartu eta miaketa egiteko emandako agindua betez, agenteek Agurainen atxilotutako gizonaren etxebizitza miatu zuten, eta bertan “museo” partikular moduko bat aurkitu zuten. Bitrinetan eta erakustokietan 20.000 pieza inguru zeuden, horien artean, historiaurreko silexezko erremintak, gizakien eta animalien hezur-aztarnak, zeramika-zatiak eta metalezko hainbat objektu, besteak beste, iltzeak edo ferrak. Euskal Herriko Unibertsitateko iturrien arabera, operazioa benetan garrantzitsua izan da, aurkitu diren silexezko elementu kopuru handia dela eta, Araban orain arte ezagutzen zen historiaurreko bilduma litikorik garrantzitsuena izan bailiteke. Miaketan ustez espoliatu diren lekuen mapak eta oharrez betetako koadernoak ere aurkitu zituzten, bai eta espeleologia ekipamenduak, material informatikoa eta beste hainbat material ere.

Talde kriminaleko kide guztiak agintari judizialaren aurrera eraman dituzte, eta piezak Arabako Arkeologia Museora. Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuko teknikariek bertan katalogatu eta aztertuko dituzte dagokion peritu-txostena egiteko.

Ertzaintzatik gogorarazten dute Euskadiko Kultura Ondarearen Legeak debekatu egiten duela Foru Aldundiaren baimenik gabeko edozein esku-hartze arkeologiko, bai eta aztarnategietan metal-detektagailuak erabiltzea ere, eta eskatzen du, susmo txikiren bat izanez gero, 112ra deitu eta halako egoeren berri emateko. Azkenik, gogorarazten da partikular batek aztarna arkeologikoak halabeharrez aurkitzen baditu, ez dituela jaso behar, berehala eman behar diola aurkikuntzaren berri udalari edo foru-aldundiari, behar bezala jaso ahal izan ditzaten.