Bingen Zupiria Euskal Herriko Gazte Orkestraren negu topaketaren biraren aurreko entsaio orokorraren lekuko izan da

0

Datozen egunotan EGO-Euskal Herriko Gazte Orkestrak eskainiko dituen kontzertuen atariko entsaioaren hasieran Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta EGO Fundazioaren patronatuko lehendakariaren bisita izan dute gaur goizean interprete gazteek Musikeneren egoitzan.

Entsaioa hasi aurreko hitzetan bi aitormen egin dizkie sailburuak gazteei: batetik elkar entzuteko gaitasunaren eta talde-lanerako jarreraren miresmena eta, aldi berean, esker ona agertu die, guztiontzat hain gogorra izan den urte honetan musikari gazte hauen lanak gizartearen berreskurapen eta sendabidean daukan esanahi eta garrantziagatik.

EGOk (Euskal Herriko Gazte Orkestrak), abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitartean, 46 musikari gazte eta izen handiko sei irakasle elkartu ditu Musikenen (Donostia) egiten ari diren neguko topaketan. Denbora honetan zehar, musikari gazteek egitarau zorrotz bati egin behar diote aurre, ondoren eskainiko duten birako errepertorioa lantze aldera. Kontzertu bira urtarrilaren 2an abiatuko da Donostian (Kursaal), urtarrilak 3an Gasteizen (Principal Antzokia) eskainiko du hurrengo kontzertua, urtarrilaren 4an Bilbon egingo du bere agerraldia  (Euskalduna) eta Getxon (Muxikebarri) emango dio amaiera urtarrilaren 5an goizean eskainiko duen kontzertuarekin.

«Heroiak» izeneko programarekin, orkestra gazteak Beethovenen jaiotzaren 250. urteurreneko ospakizunekin bat egin du, eta konpositoreari eskainitako programa monografikoa eskainiko du. Gainera, Jone Martínez soprano gazteak eta Eneko Sagardoy aktoreak lehenengoz EGOrekin  bat egin dute eta biran soprano eta narratzaile lanetan arituko dira, hurrenez-hurren.