Donostia: Hilda aurkitu dute patruila-autoaren barruan Urumea ibaira erori den ertzaina

0

Patruilako beste ertzaina onik erreskatatu ahal izan dute

Donostia, 2020ko abenduak 30

Ertzaintzako baliabideek eta larrialdietako zerbitzuek gaur goizeko lehenengo orduan erreskatatu dute goizaldean istripuz Urumeara polizia-auto batean erori den ertzainaren gorpua. Patruilako beste ertzaina uretatik atera ahal izan da eta ospitalera eraman dute.

Gaur goizaldeko 3.30 aldera gertatu da Maria Kristina zubian. Oraindik ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, Donostiako Ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila-auto bat, Seat Leon modeloa, ibaira erori da patruilako bi kideak barruan zirela.

Berehala mobilizatu dira larrialdietako zerbitzuak bi agenteak erreskatatzeko. Agenteetako bat, 28. Promoziokoa eta praktikaldian zegoena, autotik atera eta lehorrera iritsi ahal izan da bertara hurbildu diren lehenengo zerbitzuek lagunduta, eta ospitalera eraman dute.

Beste agentea hondoratu egin den auto barruan geratu da. Goizeko bederatziak aldera atera dute desagertutako agentearen gorpua. Donostiako 47 urteko ertzaina da, 19. Promoziokoa, eta ezbeharra gertatu denean autoa gidatzen ari zen.

Erreskate-lanetan Ertzaintzako herritarren babeserako eta Zaintza eta Erreskate Unitateko baliabideek, suhiltzaileek, Udaltzaingoak, Gurutze Gorriak eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko zerbitzuek parte hartu dute. Polizia-autoa tona askotako garabi batekin atera dute uretatik.