Euskalmeten iragarpenaren arabera, Urtezahar eta Urteberri egunetan giro hotza izango da, eta elurra egingo du kota nahiko baxuetan

0

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduak 29 

  • Urtezahar egunean, hilaren 31n, elur-maila 1000-1200 metro inguruan kokatuko da, eta arratsaldean zehar jaisten joango da
  • Urteberri egunean elurra egin dezake 700 metrotik behera ere

 

EUSKALMETEN IRAGARPENAREN ARABERA, URTEZAHAR ETA URTEBERRI EGUNETAN GIRO HOTZA IZANGO DA, ETA ELURRA EGINGO DU KOTA NAHIKO BAXUETAN

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak neguko giro desatsegina iragarri du Urtezahar eta Urteberri egunetarako. Bi egunotan tenperaturak hotzak izango dira eta elurra egin dezake kota nahiko baxuetan.

Euskalmeten arabera, abenduaren 31n, egunaren lehenengo erdian, 1000-1200 metro inguruan egin dezake elurra, eta egunak aurrera egin ahala, arratsaldean zehar, elur-maila 600-700 metro inguruan kokatuko da, eta 1000 metroan 10 cm eta gauean zehar 600 metroan 2 cm pila daitezkeela uste da.

 

Prezipitazioei dagokienez, egun osoan izango dira eta ugariagoak izango dira isurialde kantauriarrean, baina ez da ur pilaketa esanguratsurik izango.

 

Tenperaturak, berriz, hotzak izango dira, eta maximoak 10 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 6-8 ºC ingurukoak barnealdean. Goizaldean izotza egin dezake barnealdeko zenbait lekutan eta mendialdeetan, eta kostaldean, berriz, 5 ºC inguruko tenperaturak izango dira.

 

Urteko lehenengo egunean eguraldi hotzarekin jarraituko dugu eta, agian, Urtezahar egunean baino hotz handiagoa egingo du, maximoak ez baitira 5 ºC-tik gora igoko barnealdeko leku askotan, eta kostaldean 8 ºC inguruan geratuko dira.

 

Minimoek, berriz, ez dute aldaketa handirik izango.

 

Elur-maila 700 metrotik behera kokatuko da eta elurra egin dezake 500 m inguruan ere. Aurreikuspenen arabera 20 cm pila daitezke 1000 metroan eta 2-5 cm 600 metroan. Neguko giro hori, tenperatura hotzak eta elurra kota nahiko baxuetan, alegia, datorren astearen hasierara arte luza daiteke.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.