Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euro bideratuko ditu 2021ean euskal kirol federazioen programak finantzatzeko

0

Euskal kirol federazioen 2021eko kirol programak finantzatzeko diru laguntzen deialdia onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Guztira, 2.475.000 euro bideratuko dira datorren urtean programa horiek finantzatzera.

Eskaerak ebaluatzeko orduan, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

  • Federazioaren kirol-programa.
  • Euskara erabiltzea prestakuntza-ikastaroetan, dokumentuetan eta argitalpenetan, web-orrian, kanpo-harremanetan, jendearentzako arretan…
  • Autofinantziazio maila.
  • Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak aitortutako goi-mailako kirolari-kopurua.
  • Federazioak garatutako ekintzak, desberdintasunak ezabatzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko.
  • Deialdia argitaratzen den egunean federatutako lizentzia duten kirolarien kopurua.
  • Aurreko urtean kirol-programak finantzatzeko emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Izapide guztiak www.euskadi.eus-en egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira. 2020an, 47 federaziok jaso zuten diru-laguntza deialdi honi esker.