Garamendik Brexit-ari buruzko Europako akordioa begi onez hartu du, baina pertsonen mugikortasunean eta merkantzien joan-etorrian sor daitezkeen arazoez ohartarazi du

0
  •  Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Europako Batasunarekin lotutako Gaietarako Konferentziaren (CARUE) osoko bilkuraren bideokonferentziaz egindako bileran parte hartu du, Darias ministroarekin eta autonomia guztietako ordezkariekin batera
  •  Olatz Garamendik Dariasi eskatu dio Euskadik parte-hartze handiagoa izan dezala Europako Kontseiluaren foroetan, eskumen esklusiboko gaiak direnean

Olatz Garamendi Landa Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza eta lankidetza akordioa txalotu du, baina, halere, pertsonen mugikortasunean eta merkantzien eta zerbitzuen joan-etorrian sor daitezkeen arazoez ohartarazi du.

Garamendik Europar Batasunarekin lotutako Gaiei buruzko Konferentziaren (CARUE) osoko bilkuran egin du alegazio hau gaur. Arratsaldean bildu da, bideokonferentziaz, eta euskal ordezkaritza Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariak osatu dute.

Brexit-ari buruzko akordioa Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak zuzendu du, eta Arancha Gonzalez Laya Kanpo Arazoetarako eta Europar Batasuneko ministroarekin batera izan da. Gainera, Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetako ordezkariak ere bertan izan dira.

Akordioak herritar britainiarrek eta Europar Batasunekoek datozen hilabete eta urteetan jasango dituzten kalteak gutxitzeko balio izatea espero du Sailburuak. Hori dela eta, herritarrek, eragile ekonomikoek, eragile kulturalek eta akademikoek… joko-arau berriei buruzko informazio fidagarria eta ulergarria izan dezaten ahalegin guztiak egitea galdegin du.

Autogobernuari dagokionez, Garamendik Darias eta Gonzalez Laya ministroen aurrean Eusko Jaurlaritzak Europako erabaki foroetan parte hartzeari buruzko erreklamazio historikoa egin du. Oro har, autonomia erkidegoek eta, bereziki, EAEk zeregin eta presentzia handiagoa izan dezaten eskatu du Europako Kontseiluaren erabaki eremuetan, hain zuzen ere Euskadiren intereseko gaiak eztabaidatzen ari direnean. Horren harira, pandemiaren hilabete hauetan guztietan Euskadik foro horietan izan duen parte-hartzea “diluituta” egon dela gogorarazi du.