Javier Hurtado sailburuak erakunde arteko mahaia deitu du, turismoaren sektoreari eusteko neurri berriak azaltzeko

0

 

 

 

Sailburuak erakunde arteko mahaia deitu du gaur, turismoaren sektoreari eusteko Sailaren neurri berriak azaltzeko eta Turismoaren Konferentzia Sektoriala aztertzeko, besteak beste.

 Sailburua turismoaren ordezkariekin biltzen ari da aste honetan, urtarrilean aurkeztuko den turismoaren sektoreari eusteko laguntza-programa haiekin lantzeko.

Erakunde arteko mahaian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaz gainera, hiru aldundietako eta hiriburuetako udaletako ordezkariak egon dira. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, honako hauek egon dira: Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; Jesus García de Cos, Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; eta Hernando Lacalle, Ekonomia eta Finantzetako sailburuordea.

Aldundien eta hiriburuetako udalen aldetik, honako hauek izan dira: Cristina González, Arabako Foru Aldundiko diputatuorde nagusia eta Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko eta Foru Administrazioko foru-diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua; Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendaria; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia; Maider Echevarría, Gasteizko Udaleko alkateordea eta Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko zinegotzi ordezkaria; eta Marisol Garmendia, Donostiako Udaleko Espazio Publikoen eta Hiri Proiektuen zinegotzi ordezkaria.

Bileran, zenbait gai jorratu dira. Alde batetik, sailburuak erakundeei aurreratu die turismoaren sektoreko ordezkariekin batera lanean ari dela euste-planaren xehetasunak finkatzeko, urtarrilean aurkeztuko dituzten turismoaren sektorerako neurri berriekin, eta horietan garrantzi handia izango dutela zuzeneko laguntzek, beste neurri batzuekin batera. Atzo hasi ziren bilerak, zehazki, ostatuen elkarteekin eta kongresuak eta ekitaldiak antolatzen dituzten enpresekin. Bihar amaituko dira bidaia-agentziekin, turismo-gidarien elkarteekin, nekazaritza-turismo eta kanpinekoekin eta Aktiba Euskadirekin (turismo aktiboaren ordezkari gisa) egingo diren topaketak.

Laguntzen eta neurrien programa horretaz gainera, sailburuak Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren eta autonomia-erkidegoen artean atzo izandako Konferentzia Sektorialaren berri eman du. Hitzaldi horretan, Espainiako Gobernuak joan den astean onartutako ostalaritza, turismoa eta merkataritza indartzeko planean jasotako neurrien azalpen zehatza egin zen. Sailburuak erakundeekin batera aztertu ditu neurri horiek.

Ildo horretatik, sailburuak mahaian gogorarazi du “neurri zeharkakoak, eraginkorrak eta zorrotzak hartu behar direla, eta horretarako erakunde guztien esku-hartzea” behar dela. Merkataritza-lokalen alokairuei dagokienez, sailburuak gogoeta egin du eta adierazi du Espainiako Gobernuak esku hartzea erabaki duela kitak egiteko, edukitzaile handiei ordaintzeko gerorapenakproposatzeko eta errentatzaile txikiei zerga-pizgarriak emateko.

“Mahai honen lehen bileran azaldu nuenez, Euskal Autonomia Erkidegoan lehenbailehen jorratu beharreko gaia da hau. Erakunde bakoitzak dituen datuak partekatu behar dira, egoera-mapa bat izateko eta proposamen bateratu bat aurkezteko”. Horregatik, sailburuak dei egin die aldundietako ordezkariei Espainiako Gobernuaren neurriak balora ditzaten, eta ebalua dezaten ea Euskal Autonomia Erkidegoan egoera parekagarria izan daitekeen edo bertatik erantzun desberdin bat eman daitekeen.  

Funtsezkoa da krisiak hain gogor zigortzen dituen sektoreetan erantzukizuna errentariaren gain bakarrik ez geratzea sustatuko duen proposamen bati aurre egitea”. 

Erakunde arteko web-plataforma

Halaber, erakunde arteko web-plataforma aurkeztu da mahaian, Euskal Autonomia Erkidegoan turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreei laguntzeko abian jarri diren laguntza publiko guztiak biltzen dituena. Asmoa da hartzaileei euskal administrazioak bideratzen ari diren eta bideratu dituzten dirulaguntza eta bestelako laguntza guztietarako sarbidea erraztea.

Plataforma laguntza horiek jasotzen joango da, oraindik aktibo daudenak bereizita, haien artean nabigatu ahal izatea erraza eta azkarra izan dadin. Bihar argitaratuko da eta www.euskadi.eus atariaren bidez sartu ahal izango da.

 

Sustapen-kanpainak

 

Azkenik, erakunde arteko mahaiak turismo- eta merkataritza-sektoreak sustatzeko eta balioesteko kanpainak ebaluatu ditu. Berriena ostalaritzari buruzko kanpaina izan da, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien, udalen eta EuskalAutonomia Erkidegoko ostalaritza-elkarteen lankidetzari esker, sektorea sustatzeko mahai teknikoaren bidez. Zaindu gaitezen momentu horiek berriro bizi ditzagun” lelopean, jaietan arreta handiz ibiltzeko, taberna edo jatetxe batera joaten garenean neurriak betetzeko eta arduratsuak izateko deia egiten du kanpainak.

 

Kanpaina horretaz gainera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza segururako kanpaina ere abiarazi du, erosketak planifikatzeko eta pilaketak saihesteko helburuarekin. Gainera, kontsumo arduratsuko kanpaina jarri du abian.