Errege Magoen Zarautzera etorrera, telebistan eta online

0

Aurten, COVID19 egoeraren ondorioz eta Zarauzko kaleetan jende pilaketak ekiditeko helburuarekin, Bizar Zuri, Errege Magoen pajea, eta Meltxor, Gaspar eta Baltasar, ezingo dira Zarauzko urteroko zita berezira etorri.

Baina, honek ez du esan nahi zarauztarrak Bizar Zuriri karta entregatu gabe edo Errege Magoak ikusi gabe geldituko direnik aurten.

Alde batetik, Gabon atipiko hauetan, Bizar Zurik postontzi dotore bat kokatu du Lege Zaharren Enparanzan, zarauzko haurrek bertan utzi ditzaten Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoei zuzendutako gutunak.

Bestalde, urtarrilaren 5ean ospatu ohi den Erregeen Kabalgataren ordez, honen antolatzaileak diren Schola Cantorum eta Zarauzko Udalak bideo berezi bat prestatu dute, Juanfe Garces zarauztarra errealizadore lanetan izan duena, etxeko txikienei zuzenduta, Errege Magoen urteroko Zarautzera etorrera ikusi ahal izateko, modu ezberdin baina magiko batean.

Hau, urtarrilaren 5ean, arratsaldean, emitituko da telebistan: EiTB3an, 19:00etan eta Erlo Telebistan, 20:00etan. Baita, online ikusteko aukera izango da, Zarauzko Udaleko web orrian eta Youtube kanalean, 19:00etatik aurrera.