Urruzuno literatura lehiaketan lanak aurkezteko epea ireki dute

0

Hezkuntza Sailak ireki du 2020-2021 ikasturteko Urruzuno literatura lehiaketara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, otsailaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko, eta gazteok euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda.

Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketa erreferentziazko lehiaketa bihurtu da euskal kultur eremuan, eta bertan garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultur-sormenarekin loturiko beste edozein esparrutan.