Euskadiko abere arraza garbien abeltzaintzako elkarte eta erakundeen jarduerak finantzatzeko 350.000 euro banatuko dira

0

2021ean Euskal Autonomia Erkidegoan abere arraza garbien elkarte eta erakundeak diruz laguntzeko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eman duen Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Guztira 350.000 euroz zuzkituko dira laguntzak, eta abeltzaintza lehiaketak antolatu eta horietan parte hartzeko, liburu genealogikoak sortu edo mantentzeko, eta ganaduaren kalitate genetikoko edo errendimenduko probak egiteko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.

Erakunde onuradunak dira, batetik, liburu genealogikoak kudeatuz, hautaketa programak gauzatuz eta errendimenduak kontrolatuz ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituztenak. Eta bestetik, lortutako emaitzen zabalkundea egin eta abereak eta abereen produktuak saltzen laguntzen dutenak, ekoizpen eraginkorragoa eta abeltzaintzako ustiategi errentagarriagoak lortzea ahalbidetzeko, programa berritzaileak eta teknologia berriak apurka-apurka aplikatuta. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuak eta mendiko nekazaritzakoak garatzen eta bultzatzen laguntzen dute, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat baita. 

Eskabideen aurkezpena

Deialdi honetako laguntzak eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Bide elektronikotik aurkeztuko dira. Eskaera, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak izapidetzeko zehaztapenak helbide honetan daude eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (gaztelania)

http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (euskara)

Zuzkitutako 350.000 euroak diruz lagundu daitezkeen elkarte onuradun guztien gehieneko gastuetarako nahikoa ez badira, dirulaguntza hainbanatuko da Legean aurreikusitakoaren arabera.