Kontadoreseko neguko laborategiak beteta daude

0

Kontadoresek neguko hainbat laborategi programatu ditu 2021eko otsailean eta martxoan. Guztira 56 plaza eskaini dira, 5 laborategi kulturaletan banaturik. Gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak oinarri harturik osatu da Kontadoreseko laborategi proposamena. Eta euren poltsikora egokitutako prezioekin.

Azpimarratu nahi dugu neguko laborategiek izan duten harrera ona gazteen artean. Hain zuzen ere, aste bakarrean 18-30 urte bitarteko 160 gaztek eman dute izena. Udaberriari begira laborategi gehiago proposatuko dira eta www.kontadores.eus webgunean zein sare sozialetan egingo da informazioaren hedapena, besteak beste.

Covid-19aren krisia dela eta Kontadoresek berezko protokoloa du, gaixotasunaren hedapenaren aurrean arriskuak ekiditeko. Beraz, ezarritako segurtasun eta higiene neurriak jarraitu behar dira une oro. Kontsultatu Kontadoreseko protokoloa.

Horrez gain, gogorarazi nahi dizuegu Kontadoresek doan lagatzen dituela espazioak, materialak edo baliabideak gazteek euren proiektuak garatu ahal izateko. Eta horretarako eskuragarri jartzen dituela areto nagusia (ekipamendu teknikoaz hornituta, hau da, argiztapena, soinua eta proiekzioa), gela digitala, entseguetarako aretoa eta bi lantegi.