Segurtasun-uhalaren eta haurrak eusteko sistemen erabilera zainduko du poliziak

0

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, auto-gidariek eta bidaiariek segurtasun-uhala lotuta duten eta haurrak eusteko sistemak (HES) erabiltzen diren zaintzeko kanpaina burutuko dute. Kanpaina berri hori martxoaren 8tik 14ra bitartean egingo da.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gogoratu duenez, “Bide-segurtasuna errepidea erabiltzen duten guztiek partekatu beharreko ardura da. Pertsona bakoitzari dagokio bere ibilgailuko eta bertan bidaiatzen duten pertsonen segurtasunaren kargu egitea. Euskadiko errepideak seguruak izateko oinarria gure errepide eta bideak arduraz eta errespetuz erabiltzea da”.

Segurtasun-uhala funtsezko segurtasun-sistema pasiboa da, eta eserleku guztietan eta behar bezala lotuta eraman behar da. Ezin da uhalaren funtzionamendua aldatuko edo blokeatuko duen pintzarik edo sistemarik erabili. Gidariak uhala aska dezake aparkatzeko edo atzera-martxa egiteko, eta ez du lotu beharrik uhala erabiltzetik salbuesten duen mediku-ziurtagiri bat edo desgaitasun bat badu.

Horrez gainera, uhala lotu gabe gidatu dezakete, herri barruan zirkulatzen ari direnean bakarrik, hainbat sektoretako profesionalek: taxilariek, salgaien banatzaileek (distantzia laburreko zamalanetan), larrialdi-zerbitzuek eta autoeskolek (eskola praktikoak ematen ari direnean).

Bestalde, adingabeek beti atzeko eserlekuetan bidaiatuko dute behar bezala homologatutako HESk erabiliz. Salbuespenak izango dira ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea edo eserleku horiek baldintza berberetan joan behar duten beste adingabe batzuek okupatuta egotea edo eserleku horietan HES guztiak instalatzerik ez izatea. Egoera horietan, salbuespenez, aurreko eserlekuan joan ahal izango dira, eta beti euren pisura eta altuerara egokitutako sistemen bidez eutsita.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak nabarmendu duenez, “gidariaren ardura izango da haur batek haurrak eusteko sistema erabiliz bidaiatzea, eta hala egin ezean dagozkion puntuak kenduko zaizkio”. 

Segurtasun-uhala lotu gabe eta haurrak eusteko sistema egokiak erabili gabe bidaiatzea arau-hauste larriak dira, eta arau-hauste horiengatik 200 euroko isunak jar daitezke eta gidabaimeneko 3 puntu ken daitezke gidariaren kasuan.

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.