‘Inor Atzean Utzi Gabe’ funtsean garatutako zortzi programen onuradun izan ziren 13.000 pertsona eta/edo familia baino gehiago

0

13.000 pertsona eta/edo familia baino gehiago izan ziren 2020an Inor Atzean Utzi Gabe Covid Funtsean garatutako zortzi programen onuradun. Funts hori Covid 19aren ondorioz eratorritako edo larriagotutako arrisku-, bazterketa- eta/edo pobrezia-egoerei erantzuteko sortu zen. Eta beste 63.000, gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun, zeinak arrazoi beragatik osatu baitziren. Hala azaldu du gaur Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak.

“Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bazterketaren aurkako batzordean zenbait premia detektatu genituen, eta, beraz, lanean hasi ginen; horretarako, premia horiei aurre egiteko programak planteatu genituen”, esan du sailburuak. Sailburuarekin batera, Inor Atzean Utzi Gabe funtsetik sustatutako zortzi programetan parte hartu duten berrogei gizarte-erakunde baino gehiagoren ordezkariak ere izan dira. “Auzolanari esker, ordurako bazeuden zerbitzu baliagarriak sustatzeko eta hutsetik hasita ekimenak abiarazteko gai izan gara”.

Ekitaldian, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak eta EUDELeko lehendakariak eta Mikel Barturen Sareen Sarea Euskadiko hirugarren sektore sozialaren sareko koordinatzaileak ere parte hartu dute. Urtaranek pandemian erakundeen arteko eta hirugarren sektore sozialarekiko lankidetza izaten ari den garrantzi handia nabarmendu du. Hirugarren Sektore Sozialeko Behatokiaren datuen arabera, Euskadin ia 4.000 erakunde daude, eta, haietan, 38.500 enplegatu baino gehiago eta ia 160.000 boluntario, “baina ez gara zifra hutsez ari, baizik eta gure gizartearen ongizateak eta bizi-kalitateak aurrera eta hobera egiteko oso modu berezian laguntzen duen sektoreaz”.

Vitoria-Gasteizko alkateak honako hau nabarmendu du: “gobernamendu publikoko eredu eraginkorra era askotako lankidetza-estrategietan oinarritu behar da, nahitaez: herritarrekin, ekonomia-egiturarekin eta, nola ez, hirugarren sektore sozialarekin”. “Haren laguntzaren bidez, pandemiari aurre egiten jarraitu ahalko dugu eta, hala, gure osasuna babesten, pertsonak zaintzen, inor atzean utzi gabe, eta gure ekonomia bultzatzen”.

Bestalde, Mikel Barturenek azpimarratu duenez, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bazterketaren aurkako batzorde mistoa “solasaldirako espazioa izan da, talde-lanerako espazioa, sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioaren bideratzailea, eta, hartan, arazoak eta beharrak azaldu dira, eta arazo eta behar horiei erantzunak bilatu zaizkie, elkarrekin eta elkarlanean; horretarako, elkarrizketa zibileko jardunbide egokia erakutsi da”.

Artolazabal sailburuak Inor Atzean Utzi Gabe Covid Funtsean garatutako zortzi programen inpaktua azaldu du:

  • Aterpeak: programa honek, konfinamenduan, lekuak gaitu zituen, etxerik ez zuten pertsonak hartzeko, hiru hiriburuetan: 1.635 pertsonari eman zien arreta eta 978 arropa-kit eta eskola-materialeko 62 kit banatu ziren.
  • Guztion Artean: laguntza bideratu ahal izateko antolatu zen elkartasun-sarea: 1.561 boluntariok 2.295 esku-hartze egin zituzten, besteak beste, medikamentuak, jatekoa edo higiene-produktuak erostea, zaborra batzea, izapideak eta kudeaketak egitea, etab.
  • ADI: laguntza psikologikoa eskaintzen du konfinamendu- eta alarma-egoera dela eta ondoez emozionala larriagotu den kasuetan, bereziki nagusiei. 511 pertsonak jaso zuten arreta zuzenean edo zeharka 2020an.
  • Betirako: konfinamenduan familiartekoren bat galdu duten pertsonen doluan laguntzeko zerbitzu profesionala. 2020an, 402 pertsonak edo familiak jaso zuten arreta.
  • Azken Sarea Indartzen: baliabide gabezia duten eta gizarte-larrialdietarako laguntzetara eta diru-sarrerak bermatzeko errentara jo ezin duten pertsona eta familien oinarrizko beharrei erantzuteko azken sarea da. 2020an, 7.621 prestazio izan ziren.
  • Erdu: adikzioetan hurbiletik esku hartzeko programa. Iaz, 832 pertsonari eman zien arreta, unitate mugikorretan eta telematikoki.
  • Lehen Urratsa: konfinamenduan aterpetxeetan hartu ziren etxerik gabeko pertsonentzako ostatuko eta gizarte-laguntzako baliabideetatik ibilbideak abiaraztea jasotzen du. 2020an, 694 pertsonak jaso zuten arreta.
  • Aukerak Suspertzen: eskolaz kanpoko hezkuntza-indargarrirako programa da, eten digitalaren eraginpean dauden ikasleei zuzendua; 2020an, 928 familiari eman zien arreta –haietatik heren bat gurasobakarrak– eta, guztira, 1.114 umeri.

“Harro nago funts horretatik sustatu diren zortzi programa horiez; izan ere, haien bidez pertsona zehatz batzuetara iritsi gara, bizi-proiektuak eta etorkizunerako nahiak dituzten pertsonetara, zeinek ez baitute beren ideia zapuztuta ikusi behar pandemiaren eraginez”, esan du Artolazabalek.

2021ean, pandemiaren gizarte-ondorioen aurkako funtsean jasotako programetatik bostek aurrera jarraitzen dute, gizarte-erakundeetara bideratutako partidei esker; 8,6 milioi euroko balioa dute partida horiek. Horiez gainera, 1.3 milioi ere badaude, Aukerak Suspertzen eskolako eten digitalaren aurkako programakoak; programa horrek irauteko joera du, Haur eta Familien Zuzendaritzan.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak

Sailburuak, bestalde, pasa den martxoan gizarte-larrialdietarako laguntzei emandako bultzada ere ekarri du gogora. “16 milioi euroan areagotu genituen gizarte-larrialdietarako laguntzak, oinarriko gizarte-zerbitzuei arnasa eman eta, hala, premia-egoera larrienei erantzun ahal izateko”.

2020an, 68.000 eskabide baino gehiago jaso zituzten oinarriko gizarte-zerbitzuek, eta 63.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi ziren; pertsona horietatik, % 55 –35.000 baino gehiago– emakumeak izan ziren eta 18.000, 15 urtetik beherakoak.

Iaz COVIDagatik kopurua 16 milioi euroan handitu zen eta, 2021ean, 15 milioian, Artolazabalek gogorarazi duenez.