Emakume trikitilariak izango dira protagonista Azpeitiko San Josetako trikiti jaialdian

0
Larunbatean, 16:00etan eta 19:00etan San Josetako bi saio izango dira Soreasu antzokian. Sarrera guztiak agortuta daude, baina datozen asteetan ETB-k saioa eskainiko duela aurreratu dute antolatzaileek. 

San Jose Egunaren bezperetan, trikiti jaialdia aurkeztu dute gaur, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, jaialdiaren antolatzaileek eta Azpeitiko Udalak. Larunbatean egingo dena jaialdiaren XXXI. edizioa izango da, eta, nabarmena da Azpeitian eta bailaran trikiaren buelta indartsu dagoela, bi saioetarako sarrera guztiak 48 orduan agortu baitziren.

Pandemiak ere ez ditu gelditu soinu eta pandero hotsak Azpeitian. Iaz martxoan bertan behera gelditutako saioa azaroan egin zuten, eta hilabete gutxiren buruan, berriro Soreasuko plaza betetzeko prest dira antolatzaileak. Larunbatean, trikiti jaialdiaren bi saio izango dira 16:00etan eta 19:00etan. Aurtengoan, batez ere, emakumeak izango dira protagonista taula gainean.

Azpeitiko Udalaren izenean, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Azpeitiko zein eskualdeko trikiti munduan dabiltzanak eskertu ditu Ainara Larrañaga Kultura batzordeburuak: «San Josetako jaialdia gero eta indartsuago dagoen mugimendu baten isla txiki bat besterik ez da. Baina taula gainean agertzen dutenaz gain, taulatik jaistean ere trikitiaren transmisiorako duten trebezia ere ikaragarria da». .

Taula gainean emakumeek izango duten presentzua ere azpimarratu du: «Belaunaldi desberdinetako emakume trikitilari izango dira taula gainean zapatuan. Izan da kontrakoa gertatu den urterik, baina aurten gogor astinduko dituzte soinu eta trikitiak emakumeek». Elkarlanerako elkarteak eta antolatzaileek jartzen dituzten erraztasunak ere aipatu nahi izan ditu, eta aurreratu du Euskal Herriko Trikiti Elkartearen egoitza Azpeitian izateko pausoak ematen ari direla.

Andoitz Antzizar Euskal Herriko Trikiti Elkarteko kideak urtean zehar publiko desberdinentzako ekitaldi desberdinak antolatzen aritzen direla aipatu du, eta publiko orokorrari zuzenduta antolatzen da San Josetako jaialdia. «Azken urteotan, San Josetako jaialdiko ikus entzuleen artean aldaketa nabaritu dugu. Publiko fin ditugun helduekin batera, gazteak gero eta gehiago etortzen dira». Horren harira, aurten sarrerak online jarri dituzte sarrerak eta 48 orduan bi ekitaldieratako sarrerak agortu ziren. Jaialdi honen antolaketan aritzen den laukotearen borondatezko lana ere balioan jarri nahi izan du. Laukoteko kide den Ibon Errazuk emakumeen presentzia nabarmena izango dela baieztatu du: «Urtero saiatzen gara sekula jaialdian izan gabeko trikitilariak taularatzen, eta aurten, beste urteren batean motz geratu izana orekatu asmoz, emakumeen presentzia nabarmena izango da. Jaialdiko zerbait aipatze arren, Lurdes Alkorta eta Mailu Suduperen parte hartzea aipatuko nuke».