Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko ekimena jarri du martxan

0

LANDUE (Durangaldean Lana Euskaraz) izeneko egitasmoa aurkeztu du Durangaldeko Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. “Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Planarekin” bat egiten du gaur aurkeztutako ekimenak. Durangaldean euskararen ezagutza nahiz erabilera sustatzeko aukera berriak urratu nahi dira horrela, euskara lanean eta herritarrekiko harremanetan baliatzeko metodologia eta ekimen berriak sortuko baitira horretarako garatuko den proiektu pilotuari esker.

Durangon egin den aurkezpenean parte hartu dute Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Bruss, Renault Gaursa eta Asca talleres enpresetako ordezkariek.

Durangaldean 3.901 enpresa edo establezimendu daude. Horietatik 250 langiletik gorako 10 enpresa daude, 50 langile edo gehiago dituztenak 79. Eskualdean lan egiten dutenen ia erdia, hau da, % 45,6-k enpresa horietan lan egiten du. Gainera, eskualdeko herritarren %52,28 euskaldunak dira. Durangaldeko ezaugarriek aukera handiak ematen dituzte lan munduan euskararen kudeaketaz eta gizarte erantzukizunaz aritzeko. Baita oraindik eremu honetan errealitate diren hizkuntza harremanak lantzeko ere. Horretan sakontzea eta euskara sustatzen ari direnei  bultzada nahiz babesa eskaintzea da LANDUE-ren helburua.

Gaurko aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak azaldu duenez, “bizi dugun testuinguru eleanitz honetan, euskarak bere lekua izan dezan, ezinbestekoa izango da askotan lehentasunak finkatzea enpresa bakoitzaren beharrizan eta ezaugarrietara egokituz, eta lehentasunetan egon beharko lukete beti lankideen arteko harremanei eragiten dieten ekimenak eta bezero euskaldunekiko harremanei eragiten dietenak ere”. Zupiriak erakundeen arteko lankidetza ere azpimarratu du “gaur aurkeztu dugun LANDUE, Durangaldean Lana Euskaraz ekimenak bat egiten du Euskara eremu sozio-ekonomikoan garatzeko 2020-2023 planarekin eta helburuen lorpenean bat egin dugu Durangaldeko Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak”.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak adierazi duenez “argi dugu arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeak jauzi kualitatiboa behar duela eta horretan gaude. Gaurko akordioak beste aurrerapausu bat suposatzen du lan mundua euskalduntzeko prozesuan, eta Administrazioak eredugarri izan behar gara prozesu horretan ere, lidergoa erakutsi behar dugu. Lan eta enpresaren munduan euskararen erabilera modu iraunkorrean areagotzeak zuzenean erantzuten dio gaur euskararen egungo erronka nagusiari: bizi-indarraren erronkari. Lan eta enpresaren munduan ere arnasa behar du euskarak, hauspoa behar du.” Bilbaok zera gaineratu du “gure enpresak lehiakorrak dira, izan daitezela lehiakorrak egiten duten hizkuntza kudeaketan ere.”

Bestalde, Durangaldeko Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiribek azpimarratu duenez “Durangaldean euskararen ezagutzak asko egin du aurrera azken urteetan. Euskararen erabilera aldiz, ahul dago aisialdian, kirol arloan eta eremu sozioekonomikoan. Horrela, Durangaldeko Mankomunitateak arlo hauetan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu zuen legealdia hastearekin batera”. Elkoroiribek gaineratu duenez, “gaur aurkezten dugun LANDUE egitasmoaren bidez, Durangaldeko enpresei hurbileko zerbitzua eta laguntza eman nahi diegu, hiru erakunde publikoen eta enpresen arteko elkarlanarekin, Durangaldeko lan-munduan euskararen erabilera areagotzeko”.

Enpresa Handiak 

LANDUE egitasmoaren baitan hiru urteko epean Durangaldeko 12 enpresa handik hizkuntza berdintasunean eta euskararen erabileran aurrerapausoak ematea lortu nahi da, hau da, Durangaldean dauden enpresa handien %13k. Lehenengo urte honetan bost enpresarekin lan egingo da eta urtez urte gehituko dira besteak hamabirekin lan egitera iritsi arte.

Enpresa bakoitzarekin hitz eginda zehaztuko dira bakoitzaren lehentasunak, baina besteak beste, diagnostiko orokor bat egingo zaie gero lehentasunezko atalak zehazteko. Lehentasun horiek enpresaren ezaugarrien araberakoak izango dira, eta beraiekin adostuta emango dira aurrera egiteko urratsak. Kasu guztietan metodologia arina eta eraginkorra erabiliko da. Lau pausotan gauzatuko da egitasmoa: diagnostikoa egitea, helburuak zehaztea, esku-hartzea burutzea eta lortutakoa errotzea. 

Enpresa txikiak 

Enpresa Txikien kasuan LANDUE egitasmoaren bitartez hiru urtean 50 langile baino gutxiago dituzten 30 espresarengana iristea da helburua. Urtean sektore zehatz bateko 10 enpresatan eragingo da. Aurten batez ere automozio sektorearekin egingo da lan, Durangaldean sektore honek duen garrantzi eta pisua kontutan hartuta. Enpresei zerbitzu eta euskarri zehatzak eskainiko zaizkie herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua euskaraz bermatzeko. Asmoa bikoitza izango da. Batetik enpresen lan-hizkuntzan eragitea eta bestetik herritarrengan eragin handia duten hiru sektore landuz zerbitzu hizkuntza bermatzea.

Gaur aurkeztutako egitasmoaren barruan eskualdeko enpresei eskainiko zaie LANDUE-ko saioetan parte hartzeko. Bertan hizkuntza kudeaketa hobetzeko tresna eta gomendioak  eskainiko zaizkie, beraien premiei erantzuteko hausnarketa sustatuko da eta jardunbide eredugarriak azalduko dira. Horrez gain, enpresa bakoitzak aukera izango du proiektu honetan parte hartu eta  euskara kudeaketari buruzko zerbitzu teknikoa jasotzeko.

Euskara Eremu Sozioekonomikoak Sustatzeko 2020-2023 Plana 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak “Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Plana” onartu zuen 2019an. Bertan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea azpimarratzen dira helburuen artean, beti ere, langileen eta herritarren aktibazioa aintzat hartuta. Plan honek zehazten duenez, Durangaldea lan-munduan euskara sustatzeko estrategikoa da besteak beste, hirugarren eremu soziolinguistikoan dagoelako eta industriak eskualdean pisu handia duelako.

LANDUE proiektua garatuko da enpresa txiki eta handiekin aurrez eremu sozioekonomikoan landutako metodologia eta ezagutza berria baliatuta. Enpresetan Hizkuntza kudeatzeak ematen dituen onurak landuko dira, eta horretarako, zerbitzu teknikoa jasoko dute programan parte hartuko duten entitateek.

Bizkaiko Foru Aldundiaren BIZKEUS proiektua

Hitzarmen hau kokatzen da BIZKEUS proiektuaren baitan. Bizkaian arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko eta lan arloko heziketan euskarak presentzia handiagoa izateko proiektu zabala da eta 2021 urterako 340.000 euroko diru-ekarpena dauka, esparru ezberdinetan eragiteko: lanbide heziketa, laneko prestakuntza, enpresak, elkarte profesionalak, garapen agentziak eta merkataritza gune handiak.