Kasu batzuetan ez dituzu tasa judizialak ordaindu behar

0

Tasa judizialak pertsona fisiko edo juridiko batek auzitegietara jotzen duenean eta Justizia Administrazioa erabiltzen duenean ordaindu beharreko zergak dira. Hau da, pertsona batek zibil-arloan, administrazioarekiko auzien arloan edo lan-arloan demanda edo errekurtso bat jarri nahi badu, diru-kopuru bat ordaindu beharko du zerbitzu horregatik (tasa horiek ez zaizkie aplikatuko zigor- eta militar-arloei). Baina, zenbait egoeratan ez dira tasa horiek ordaindu behar.

Tasa judizialak ordaintzeko salbuetsita dauden kasuak hurrengoak dira (horietakoren bat salbuespenekin):

  • Eskaerak edo errekurtsoak gaitasunarekin, seme-alabatasunarekin, ezkontzarekin eta adingabeekin lotuta daudenean.
  • Izapideak oinarrizko eskubideak babesteari buruzkoak direnean.
  • Zordunak hartzekodunen borondatezko konkurtsoa eskatzen duenean.
  • Funtzionarioek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen dutenean beren estatutu-eskubideak defendatzeko.
  • Prozedura monitorioetan edo hitzezko judizioetan 2.000 euro baino gehiago eskatzen ez direnean.
  • Errekurtso bat jartzen denean eta administrazio-isiltasun negatiboa edo administrazioaren jarduerarik eza dagoenean.
  • Eskaria Kontsumoko Arbitraje Batzordeek emandako laudoak betearazteko denean.
  • Hartzekodunen konkurtsoa administratzen duen pertsonak akzioak hasten dituenean konkurtsoaren masaren intereserako.
  • Ondare bat judizialki zatitu nahi denean.

Badira tasa judizialik ordaindu behar ez duten pertsonak eta erakundeak ere:

  • Doako laguntza juridikorako eskubidea duten pertsonak.
  • Fiskaltza.
  • Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoak, toki-erakundeak eta horien guztien mendeko erakunde publikoak.
  • Gorte Nagusiak eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrak.