Etxeko obra txikietarako erreminten mailegutza zerbitzua jarri da abian Azpeitin

0
Mailuak, eskuzko zerrak, eskuairak, zerra elektrikoak, lixak, taladroak… hamaika erreminta txiki eta ez horren txiki mailegutzan hartzeko aukera izango da hemendik aurrera, Emakume Txokoan.

Liburutegian liburu eta DVDak bezala, edo ludoteketan jostailuak bezela, Emakume Txokoan erremintak izango dituzte herritarrek eskura.

Ikasturte hasieran, Altzarigintzan murgiltzen tailerra antolatu zuen udalak. Ikastaro horren helburua, besteak beste, emakumeei tresnak erabiltzen erakutsi eta ahalduntzea zuen helburu. Ikastaroa aurrera eraman ahal izateko, hainbat tresna erosi behar izan ziren, eta, orain, material hori kolektibizatu eta erabilgarri jarri nahi da mailegutzaren bidez.

“Baliabide publikoak herritarren eskura jartzeko helburu horren baitan, erreminten mailegutza, emakume askorentzat baliagarria eta interesgarria izan daitekeen zerbitzua izan daitekeela uste dugu. Gainera, emakumeen ahalduntzean eragiteko modua izan daiteke”, adierazi du Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziak. Hala, erremintak eskura izanda, hainbat obra txiki egiteko modua animatzea eta ahalbideratzea da helburua.

 

Funtzionamendu sinplea
Mailegutza zerbitzuan aurki daitezkeen erreminten katalogoan bakoitzak behar duen erreminta edo erremintak detektatu eta Emakume Txokoan bertan, telefonoz edo email bidez kontsultatu beharko du libre dagoen. Libre badago, eskaera egin eta hilabeteko epean mailegutzan izan ahalko da beharrezko gailua.

Informazio gehiago edo eskaerak egiteko 943 15 70 55 edo 688 151 000 telefonoetara deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus e-postara idatz daiteke.