Azpeitiko Izarraizko atea parkeko ur txorroak martxan dira eta jolas-parkea bukatzear

0
Gero eta jende gehiago ibiltzen da parkean, eta azken aldian, zarata eta zikinkeria dela eta kexak ugaritu dira. Aparkalekua ixtea nahikoa ez dela ikusirik, parke osoa itxiko da larunbata gauean.

Uda hastearekin batera, azken urteotan bezala, Izarraizko atea parkeko ur-txorroak martxan jarri ditu Azpeitiko Udalak. Hala, udazkenera bitartean, irekira izango dira herritar eta bisitarien gozagarri. Horretaz gain, haurren aisialdirako egiten ari diren jolas-parkea ere bukatzear da, eta datozen egunetan irekiko da.

Iaz bezala, aurtengoan ere Covid 19-a dela eta, hainbat neurri bete beharko dituzte txorroetan ibili nahi dutenek. Gunea, hesituta dago aforoa kontrolatzeko, eta eremu horretan, aldi berean, gehienez ere 15 pertsona egon beharko dute. Sarrera eta irteerak errespetatu behar dira, eta ohiko prebentzio neurriak bete (1,5 metroko distantzia mantendu edo maskara jantzi).

Larunbat gauean, parkea itxita

Herritarren aisialdirako ohiko gune bilakatu da, azken aldian, parkea. Parkea, urtez urte osatzen doa eta gero eta jende gehiago biltzen da bertan. Poztekoa izanagatik hori, hainbat arazo ere sortzen dira horren ondorioz, eta kexa ugari jaso ditu udalak, azken aldian.

Batez ere, asteburuetan parkean izaten den zarata eta bertan izaten direnek uzten duten zikinkeriari lotutako kexak izan dira, gehienak. Horregatik, batez ere, larunbata gauetan parkean sortzen diren jende pilaketak ekiditeko, hainbat neurri hartuak ditu azken asteotan; halanola, ibilgailuentzako aparkalekua itxita izan da.

Hori nahikoa ez dela ikusirik, larunbata gauean, parkea ixtea erabaki du; hau da, 21:30etatik 08:00ak bitartean aurrera ezingo da parkean egon. Herritarren aisialdirako beharra ulertu arren, neurri horren bidez, herritarren deskantsua bermatu nahi da eta elkarbizitzarako bidea bilatu. Herritarrei, egoera hobera badoa ere, pandemia batean gaudela gogorarazi nahi die udalak, eta prebentzio neurriak bete eta jende pilaketak ekiditeko eskatzen die.