Kultur agertoki bihurtuta datorkigu Barakaldoko Lorategi Botanikoa

0

Gaur mustuko du Barakaldok espazio eszeniko berri bat Lorategi Botanikoan. Nerea Canterok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloak Udan Bai! Udako programaren kultur programazioari ekingo dio gaur, espazio horrek barakaldarren gozamenerako kultur agertoki  gisa duen potentzialaz jabetuta, «Lorategi Botanikoa den ingurune natural ikusgarria aprobetxatuz», adierazi du Canterok.

Lorategi Botanikoa, 5.500 espezie dituen ingurunea izateaz gain, hiriko ingurune ikusgarrienetako bat ere bada aire zabalean. Koronabirusaren pandemiak ikuskizunetarako aire zabaleko guneak bilatzera eraman duenez Kultura Arloa, Lorategi Botanikoa agertoki natural eta bakar bihurtu da kultura-programazioetarako.

Udan Bai! Programak 150 kultur, gazte eta kirol jarduera baino gehiago ditu. Gaur, kultur programazioa estreinatu da, eta dantza-ikuskizun bat antolatu da,  Amaia, Laguntasuna eta Ibarra-Kaldu dantza-talde barakaldarren eskutik. Horixe izango da Lorategi Botanikoaren agertoki berriaren lehen saioa, 476 eserlekudun harmaila jarri baita bertan. Edukiera 215 lagunentzat izango da gehienez, eta osasun-prebentzioko eta -segurtasuneko neurriak hartuko dira kontuan. Musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da. «Horrela, Koronabirusaren aurkako espazio seguru bat sortzen dugu herritarrentzat, bai eta bertako konpainia eta kultur  taldeentzat ere, ikusleekin topo egiteko irrikaz baitaude lorategi botanikoak eskaintzen duen bezalako espazio balioaniztetan, bertako zabalgunean hamailak jarri ahal izan baititugu», adierazi du zinegotziak.

GONBIDAPENAK, ONLINE
Oraintxe bertan agortuta daude, Barakaldoko euskal folkoreko taldeen gaurko ikuskizunetarako sarrerak, baita biharkoak (hilak 30) Galiziako Muu  konpainiaren Krunch kale-antzerkiarenak, uztailaren 1eko Barakaldoko Udal Bandaren ikuskizunarenak eta uztailaren 2ko rap musika-ikuskizunarenak ere.

Atzotik eskuragarri daude Udan Bai! Kultura-programazioko ikuskizunetarako sarrerak, uztailaren 5etik 11ra.  Xakearen plazan egitekoa den Santi magoaren  uztailaren 5eko ikuskizunerako sarrerak ere agortuta daude.

Gogoan izan gehienez ere 2 sarrera har daitezkeela pertsonako udalaren webgunearen edo plataforma billetoaren bidez.