COVID OFF ekimenak ikasleen 120 bideo jaso ditu

0

Euskal Irrati Telebista eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aliantzatik COVID OFF izeneko ekimen arrakastatsua abiatu zen koronabirusak gizartean eragindako egoera zailaren aurrean ikasleei ahotsa emateko. Martxoaren erdialdean, webgunea abian jarri zenetik, 120 bideo jaso dituzte eitb.eus-en, www.eitb.eus/covidoff/   webgunean.  Oihartzuna ere izan dute ikasleen lanok sarean: web orriak ia 3500 erabiltzaile bakar izan ditu, eta 10.000 orrialde ikusi.

Halaber, EITBk gizarte erantzukizunaren esparrutik eta gazteei sormenaren leihoa irekitzeko asmoz landutako ekintza hau bere kanaletan erakutsi du: bideoen aukeraketa  ETB1en, ETB2n eta ETB3n izan dira ikusgai, baita plataforma eta sare sozialetan ere, adibidez, Facebooken, Twitterren, Instagramen eta YouTuben#covidoff traolarekin, erabiltzaileek etiketa horrekin sareetara igo dituzten bideo guztiak ikusi daitezke.

Ekimena

Hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako ekimena izan da, batez ere Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoari zuzendutakoa. Ekimenaren helburua ikasleek -ikastetxearen bitartez- bideoak eginez parte hartzea izan da, covid-19ren aurrean segurtasun eta higiene-neurriak errespetatzearen garrantziaz gizartea kontzientziatzeko.

Hezkuntza-komunitateak ahalegin handiak egin ditu segurtasun eta higiene-neurriak betetzeko beharra azpimarratuz. Orain arte, erakundeak arduratu dira hezkuntza-komunitatea eta, oro har, gizartea kontzientziatzeko kanpainak bultzatzeaz. Ekimen honekin, ikasleei zuzenean ahotsa ematea izan da asmoa.

Ikasturte osoan zehar, ikasleek erantzukizun handia erakutsi dute covid-19ren aurrean, eskoletan ezarritako arauak betez, irakasleen gainbegiradarekin. Beraz, zilegi izan zaie hori bera inori eskatzea: arauen aurrean seriotasuna eta erantzukizuna. Bai ikastetxeko lagunei, bai gizarteari, oro har.

Mugikorrarekin, minututik behera

Ikasleen sormena izan da ekimen honetan funtsezko lanabesa. Segurtasun eta higiene-neurriak guztiok bete behar ditugula azpimarratu dute. Mezuak eskolako zein ikastetxez kanpoko jokabideei buruzkoak izan dira. Ikasleek aukeratu ahal izan dute formatua: talde handiak, txikiak edo pertsona bakarrekoak. Tonua ere librea izan da: serioa, dokumental txiki bat grabatzea, film labur bat, tonu umoretsuan…

Telefono mugikorrarekin eta grabazioak iraupenean gehienez izan ditzakeen 60 segundoak muga bakar izan direla, ikasleek irudimena eta sormena garatzeko aukera izan dute.

Ideia laborategia

Laguntza txiki bat emateko asmoz, COVID OFF ekimenak ideia laborategi bat ere eskaini du. Bertan, pandemiarekin zerikusia duten hainbat komunikazio-ekintza batu dira, mundu zabaleko hainbat txokotan garatuak. Bultzada txiki bat, ikasleek euren sormenari zuku guztia ateratzeko beharrezko balitz ere. Esteka honen bidez sar daiteke ideia laborategira: https://www.youtube.com/playlist?list=PLEOo3eASGow1-zVlsXcyUMm8_ktrPjuFp