Genero-indarkeriaren auzitegiek espazioa handitu dute emakumeen segurtasuna bermatzeko

0

Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHUren “Víctimas de violencia de género ante los cambios legislativos. ¿Leyes para las víctimas sin víctimas?” udako ikastaroa izan da. Inaugurazio-ekitaldian Izaskun Porres zuzendariak, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu dute.

Berdintasuneko sailburuak honako hauek eginiko lanaren balioa nabarmendu du: Emakundek, “Berdintasunaren Euskadiko Legea aldatzeko parte-hartze bidezko prozesuaren buru izan baita”; Satevik, “biktimek, bertan, laguntza eta informazioa eskuratzen baitute”, 900 840 111 zenbakian arreta ematen duen diziplina anitzeko taldeari esker, eta Justizia Zuzendaritzak, Biktimei Arreta Emateko Zerbitzuarekin, Zurekin eta Gakoa programekin, familia elkarguneekin edo Gazte Justizia sistemarekin, zeinak genero-indarkeriaren zentro espezializatua baitu.

Ildo horretan, Beatriz Artolazabalek Euskadiko genero-indarkeriaren auzitegietan egiten ari diren erreformez hitz egin du; haien azken xedea biktimen segurtasuna bermatzea da. “Gaituta daude, dagoeneko, biktimentzako espazio bereziak Vitoria-Gasteizko eta Donostia / San Sebastiángo genero-indarkeriaren auzitegietan”, esan du.

Hobekuntza-obrak direla eta, sailburuak azaldu duenez: “areagotu egin da auzitegien azalera; biktimak, biktimarioak eta lekukoak bereiziko dituzten itxarongelak eta deklarazio-gelak aurreikusten dira, eta komunak eta haurren aldalekuak eta jolaserako eremu txiki bat eta hozkailua, mikrouhin-labea eta kafe-makina dituen office bat daude”.

Izuaren txirrina eta interfonoak segurtasuna areagotzeko

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako itxarongelak erreformatzeko proiektua Vitoria-Gasteizko Auzitegiko esperientzia pilotu batekin hasi zen. Espazio horren hobekuntzak bi fasetan banatu ziren: lehena, 2017an, 35.000 euro inguruko inbertsioarekin, eta bigarrena, 2019an, 39.000 euro baino pixka bat gehiagoko inbertsioarekin.

Hortik aurrera, jarduketa-egutegi bat programatu zen, eta bete da egutegi horren erdia, dagoeneko, Donostian, Durangon, Gernikan, Irunen eta Tolosan 2020an egin diren lanekin, Amurrion, Balmasedan, Barakaldon, Getxon, Bergaran eta Eibarren 2021eko udazkenean eta neguan eginiko erreformekin eta 2022ko lehen seihilekoan Bilboko bi auzitegietan proiektua amaitzeko egingo direnekin. Espazio horien inbertsioak 312.000 euro ingurukoak izango dira ekitaldi honetan, eta 200.00 eurokoak, hurrengoan.

Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak iragarritako espazio seguruekin batera, erreforma-lan horien ekarpen handia genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako segurtasuna nabarmen areagotuko dela da. Hala, auzitegi guztiek izango dituzte izuaren txirrinak; haiek erabilera anitzeko gelan, elkarrizketa-geletan eta auzitegiko bertako erakusmahaian jarriko dira. Biktimak arrisku-egoera batean aktibatzean, auzitegi horri esleitutako segurtasun- eta polizia-pertsonalak erantzungo dio sorospen-eskaerari.

Horrez gainera, gela bakoitzean interfono bat egongo da, eta hura edozein gorabeheraren berri emateko erabili ahalko da, espaziotik irten gabe eta biktimarioarekin edo haren ingurunearekin gurutzatzeko aukerarik gabe. Era berean, ordutegi-koadranteak egiten dira, korridoreetan elkar ez topatzeko, eta biktimentzako ibilbide segurua mugatzen da, zuzenean itxarongelara iristeko.

Egia esan, genero-indarkeriarekin zerikusia duten prozesuak orduak luzatzen dira, eta salatzaile asko adingabeekin bertaratzen dira. Hori dela eta, lehentasunezkotzat jotzen zen emakumeen eta haien seme-alaben segurtasunera eta beharretara egokitzea espazioa. “Espazio seguruagoak eta atseginagoak lortzeko xehetasun txikiak dira”, esan du Artolazabalek, udako ikastaroaren inaugurazio-ekitaldian.

“Genero-indarkeria gai goria da, ez du gutxiagora egiten eta ezinbestekoa da hartan arreta-fokua jartzea, behin eta berriz, bai politika publikoan bai eztabaida akademikoan”, esan du Berdintasuneko sailburuak.