“Aurrera Fest”-en II. edizioa Euskaldunan

0

Artisten eta konpainien agendak koadratzeko bi asteko lanaren ostean, “Aurrera Fest”-en bigarren edizioaren programazioak argia ikusi du. Bigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak bertako kultur sektorea babestearen aldeko apustua egin du berriro ere, Euskaldunaren eskutik. Guztira, 2021ean euskal artisten edo/eta konpainien 35 ikuskizun eskainiko dira Euskaldunako hiru espaziotan (Auditoriumean, 0B aretoan eta 0E aretoan).

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak aurkeztu dituzte gaur goizean “Aurrera Fest” jaialdiaren programazioaren xehetasun guztiak.

“Kultur sektorearen harrera oso ona izan da berriro ere. 35 ikuskizunek osatuko dute Euskaldunako zuzeneko kultur jardueraren agenda. Eskaintza guztia euskal artista edo/eta konpainietatik dator, eta horietatik 27 Bizkaikoak dira. Oro har, kartelak gustu guztietarako aukerak eskaintzen ditu: antzerkia, musika modernoa, dantza, bakarrizketak, magia eta musika klasikoa. Guztira, 7.955 sarrera jarriko dira salgai”, azaldu du Lorea Bilbaok.

Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak adierazi duenez, “kultura-sektoreak bere horretan jarrai dezan tresnak emateko egin dugun bilaketan, Bizkaiko bizitzan ezinbestekoa dela uste dugulako, bigarren urtez jarraian Aurrera Fest 2021en programazioa osatzen duten 35 ikuskizunen esku jarriko dugu gure esperientzia eta azpiegitura guztia”.

Guztira, 19 kontzertu (horietako 4 musika klasikokoak), 10 antzerki-ikuskizun, 4 bakarrizketa,  dantza ikuskizun bat eta magiako beste bat (familiako ikuskizuna, 6 urtetik gorakoentzat egokia) izango dira. Azpimarratu behar da kartelean euskarazko 4 ikuskizun daudela, eta programazioa anitza dela, zeinu-mintzaira duen ikuskizun inklusibo batekin, tratu txar matxisten aurrean sentsibilizatzeko beste batekin, ume/familientzako hiru ikuskizunekin…

Sarrerak salgai daude gaurtik aurrera www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanal batzuetan.