Bi emakumek jasandako indarkeria matxista kasuak kondenatzen ditu Barakaldok

0

Barakaldoko Udalak Erasoen aurkako Mahaia deitu du gaur goizean, herriko bi bizilagunek azken orduetan jasan dituzten indarkeria matxistako bi kasu kondenatzeko. Barakaldoko Udalak bat egingo du mugimendu feministak dei ditzakeen elkarretaratzeekin.

Atzo, igandea, gertatu zen lehenengoa: 30 urteko emakume batek bere bikotekidea salatu zuen sexu-harremanak izatera behartu zuelako.

Ertzaintza ikerketa egiten ari da, eta erasoa jasan duen emakumeak eskura dauzkan udal baliabideen berri eman diote, hala laguntza psikosoziala nola juridikoa.

Gaur goizean jakin da bigarren kasua, eta oraintxe ari dira ikertzen. Berdintasun Arloko teknikariarekin koordinatzen diren hezitzaileen laguntza jaso du emakumeak, bere esku dauzkan baliabide psikosozial eta juridikoak eskaintzeko.

Hiriko elkarte feministek, emakume-taldeek, LGTBIQ+ kolektiboak, polizia-arduradunek, Emakume Arloko Berdintasun Ataleko teknikariak eta udaleko alderdi politikoek osatzen dute Erasoen aurkako Mahaia.

Denek batera aztertu dute gertatutakoa, bai eta erabaki ere zer ekintza egin behar diren gertaeren aurrean, iazko urtearen amaieran onartutako dokumentua oinarri hartuta.

Kasu horretan, Erantzun Publikorako Protokoloak jasotzen duenaren arabera, Udalak puntu lila jarriko du balkoian, bi kasuak kondenatzeko mezua zabalduko dute sare sozialen bidez, eta bat egingo du mugimendu feministak edozein motatako indarkeria matxista gaitzesteko deitzen dituen kontzentrazioekin.

Erasoen aurkako Mahaiak barakaldarrei egin die hiriko mugimendu feministak planteatutako protesta-deialdira joan daitezen, jendaurrean azaltzeko erasoa jasan duten emakumeei babesa, eta erasotzaileei, ostera, gaitzespena.

Halaber, honako adierazpen hau onartu du.