Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenari ekitea. Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi du, horrenbestez, 2010ean onartutako Hiri Antolaketarako Plan Orokorra eguneratzeko eta egungo egoerari egokitzeko bide luze bat hasiko dutela.

Horiek horrela, Goiak honakoa esan du: “Hiri-birgaitzearen, -birsortzearen eta -berritzearen alde egiten dugu. Eta beraz, hirigune kontsolidatuan egingo diren birsortze- eta birgaitze-ekimenak irisgarritasun eta energia-eragikortasuna hobetzeko oinarrituko dira, izan ere ingurumenaren jasangarritasuera, gizarte kohesiora eta donostiar guztien bizi-kalitatearen hobekuntzara modu aktiboan lagunduko dute”.

Berrikuspenarekin hasteko egin beharreko tramitearekin batera Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu, alde batetik, herritarrek parte hartzeko programa, eta bestetik, HAPOaren informazio eta diagnostiko dokumentuak, berrikuspenaren aurrerapena eta hasierako dokumentu estrategikoa egiteko zerbitzu kontratua esleitzeko prozedurari hasiera ematea. Eta kontratu honek 968.000 euroko lizitazio prezioa du, eta enpresa esleipendunak 18 hilabeteko epea izango du dokumentu horiek egiteko.

Hortaz, lehenik diagnostiko bat egingo da eta hiritarren parte-hartze prozesu baten bidez ekarpenak jasoko ditu. Prozesuaren emaitzarekin aurrerapen dokumentua idatziko da. Eta dokumentu hori ere kontrastatu egingo da hainbat lan-saiorekin, bai presentzialak, bai telematikoak, ekarpenak jasotzeko eta, ondoren, behin betiko aurrerapen dokumentua osatzeko.

Behin aurrerapen dokumentua eginda, prozesua etengo da eta 2023ko hauteskundeetatik sortuko den udal korporazioak onartuko du dokumentua eta berrikuspen prozesuarekin jarraituko du.