Daniel Txopitea erakusketaren aurkezpena

0

Torre Luzeako Erakusketa Aretoan Daniel Txopitearen ‘Bihotz Bihotzetik’ margolan erakusketa egongo da ikusgai irailaren 12aren bitartean. Erakusketa honetan, Txopitearen 25 obra aukeratu dira (hainbat formatutan), Zarautzen bizi izandako 20 urteetan egindako lanen artetik.

Atzo arratsaldean egin zen erakusketaren aurkezpena eta bertan izan ziren Daniel Txopitearen alaba eta alarguna, Ainite Txopitea (erakusketaren komisaria) eta Begoña Cendoya, eta Xabier Txurruka alkatea. “Zarauzko Udalak Daniel Txopitearen ibilbide artistikoa biltzen zuen erakusketa antologikoa antolatu zuen Sanz Enean, 1998 urtean. Urteak pasa dira, eta orain zabaltzen dugun erakusketa hau intimoagoa eta xumeagoa baldin bada ere, ez du garrantzi gutxiago guretzat. Izan ere, oraingoan Zarautzekin lotura zuzena duten obrak ikus ditzakegu, esate baterako Torre Luzea, Torreoia edo Marina izenekoak” adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.

1968 eta 1996 urteen arteko lanetan azpimarratzekoak dira paisaia biografikoak (Torre Luzea eraikin historikoaren ikuspegi partikularra ilustratzen dutenak), Torreoi gaineko bere estudiotik zeuzkan bistak, Marinas saila, maketa eskultorikoak, obra grafikoa, marrazki originalak edo Colosos y Titanes izeneko bere azken koadro-saila (Plano Aktibo Binarioaren teorian oinarritutakoa).

Esan bezala, erakusketa irailaren 12ra bitartean egongo da ikusgai Zarauzko Torre Luzeako Erakusketa Aretoan, 18:00etatik 20:00etarako ordutegian, eta sarrera doakoa izango da.