Zarauzko Euskal Astea 2021

0

Gaur goizean izandako prentsaurrekoan Zarauzko Udalak iragarri du aurten ere ez dela Euskal Jairik izango Zarautzen. Jesus Arana (EAJ-PNV) jarduneko alkateak adierazi duenez “Pandemian gaude oraindik, eta datuak hobera egiten ari diren arren, ez dute inolaz ere laguntzen jai-giroan ekintzak eta ekitaldiak antolatzeko”.

“Bigarren urtez, pandemia medio, Zarauzko Udalak ez du inolako ekintzarik antolatuko eta baimenduko irailaren 9an, Euskal Jaien egunean” jakinarazi du Aranak.

Era berean, Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultur zinegotziak azaldu duenez “Udaletik esfortzu berezia egin da gainean dugun Euskal Aste honetan kultur eskaintza zabala eta segurua aurrera eramateko”.

Gaur bertan emango diote hasiera Euskal Asteko kultur ekitaldiek Bertsolari Gazteen XLV. Lizardi Sariaren lehenengo kanporaketarekin (22:00etan Musika Eskolan). Bigarren kanporaketa saioa ostiralean izango da, abuztuak 27, eta finala irailaren 3an jokatuko da Modelo Aretoan (sarrerak 3 euro).

Irailaren 1etik aurrera, Trikitilari Gazteen XLI. Txapelketaz, Bikote Gazteen Dantza Txapelketaz, XXXIII. Aurresku Txapelketaz eta Helduen Binakako Dantza Txapelketaz gozatzeko aukera izango da Zarautzen.

Kultur ekitaldi guzti hauetarako gonbidapenak Modelo Aretoko txarteldegian lortu ahal izango dira emanaldia hasi baina ordubete lehenago. Gehienez, pertsonako 4 gonbidapen eskuratzeko aukera egongo da.

Honez gain, uztailean Adarretatik Musika Jaialdia ospatu zen eta, momentuan, Amaia Zubiriaren kontzertua bertan behera geratu zen taldeko kide baten osasun arazoak zirela eta. Kontzertu hori irailaren 8an izango da azkenik, 19:30ean, Modelo Aretoan. Emanaldi honetarako sarrerak Modelo Aretoko txarteldegian eskuratu ahal izango dira kontzertua baina bi ordu lehenago (17:30).

Azkenik, irailaren 11ean, Alproja Antzerki Taldeak bere “Etxegabetuak” lanaren emanaldi bikoitza egingo du Lizardi Kirol Aretoan, 10:30 eta 12:15ean. Ikuskizun honetarako sarrerak datorren irailaren 4an eskuratu ahal izango dira Musika Plazan, 19:00etatik aurrera. Gehienez, 2 sarrera eskuratu ahal izango dira.

Ikusi Euskal Asteko programazio osoa hemen.