Lizardiren omenezko kontzertua Zarautzen

0

Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrenean, Zarautz Abesbatzak, Udalaren laguntzarekin, poeta omentzeko kontzertu berezi bat antolatu du. Ekitaldia azaroaren 13an izango da, 20:00etan, hain zuzen ere, zarauztarraren izena daraman Lizardi Kirol Areto berrian.

“Lizardiren jaiotzaren 125. urteurren hau ospatzeko hainbat ekimenetan parte hartu du Udalak. Alde batetik, Susa Argitaletxearekin elkarlanean, poetaren Bihotz Begietan poema liburua berrargitaratu da, eta bestetik, kontzertu hau” adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultur zinegotziak. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Zarautz Abesbatzari, hau guztia antolatzen egindako lana eta ahaleginagatik, eta horregatik, Udalak hasiera hasieratik babes osoa adierazi dio ekimen honi”.

Zarautz Abesbatzarekin batera, bertan izango da Antton Valverde, Lizardiren hainbat poemei musika jarri dien musikari gipuzkoarra. Hauez gain, kontzertu honen parte izango dira ondorengoak: Anjel Lertxundi, Alex Gurrutxaga, Antxon Sarasua, Zarauzko musika Bandako 5 musikari, Joxan Goikoetxea eta Francisco Herrero. Juan Mari Zubiaurre izango da ekitaldiaren aurkezlea.

Sarrerak, gaurtik aurrera, Kutxabanken web plataforman edota Modelo Aretoan eskuratu ahal izango dira 10 €an.