Boluntariotzaren Aholku Batzordeak balorazio positiboa egin du ekitaldi honetan taldeek egindako lanaz

0

Euskadiko Babes Zibileko Boluntariotzaren Aholku Batzordeak bilera egin du Bilbon Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Fernando Izaguirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia buru direla. Bileran kolektiboari banatutako segurtasuneko ekipamenduaren eta ekipamendu teknikoaren berri eman dute, eta, aldi berean, balorazio positiboa egin dute joan den urriaren 23an egin zen Euskadiko udal-mailako babes zibileko talde eta elkarteen arduradunen lehenengo topaketaz.

2021ean Eusko Jaurlaritzak honako ekipamendua banatu zien udal-mailako babes zibileko talde eta elkarteek osatutako kolektibo honi: larrialdietarako 12 karpa (2020an beste 12 karpa banatu zituen), larrialdietarako 205 txaleko (2020an beste 205 banatu zituen) eta ENBOR SAREA segurtasun publikoaren sarean integratutako komunikazioetarako 30 ekipo eramangarri.

Bileran Batzordeak batez ere gai ekonomikoei eta materialei lotutako hainbat hobekuntza-proposamen jaso ditu elkarteetatik, eta guztiak aztertzeko geratu dira.

Euskadiko Babes Zibileko Boluntariotzaren Aholku Batzordea Euskadiko Babes Zibileko Batzordeari atxikitako lan-organo bat da. Bertan Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, Estatuak EAEn duen administrazioak eta Eudel –  Euskadiko Udalen Elkarteak parte hartzen dute.

Boluntarioen elkarteak ezinbestekoak dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman, herritarrek babes zibileko lanetan parte-hartzea bideratzen baitute. Haien laguntza desinteresatuari, konpromisoari eta kualifikazio altuari esker, gure Erkidegoak segurtasun-maila handiagoa du.

Gaur egun 400 baino gehiago dira hiru lurralde historikoetako tokian tokiko talde eta elkarteetan dauden Euskadiko boluntarioak, eta horiei Gurutze Gorriari, DYAri, Euskadiko  Laguntza Txakurren Taldeari, Euskal Espeleologoen Elkargoari eta VOST Euskadi Larrialdietarako Boluntario Digitalen Taldeari txikitako boluntario multzo handi bat batu behar zaie.