Tokiko eta nazioarteko adituak Bilbon bildu dira kultura- eta sormen-industrietan berrikuntzari buruz hausnartzeko

0

Kultura eta sormen sektoreetan garatzen ari den berrikuntzarekiko gero eta interes handiagoa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak CCIs and Innovation Contrast jardunaldiak antolatu ditu gaur eta bihar Bilboko Guggenheim Museoan. Ekitaldian tokiko eta nazioarteko adituek parte hartuko dute, eta hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola kultura- eta sormen-industrietako berrikuntzaren definizioa (KSIak), I+G eta I+G+Bren neurketa eremu horretan.

Gainera, gaur egun garatzen ari den azterketa pilotu bat aurkeztuko da, berrikuntzaren neurketan eta adierazleetan zentratua, Euskadin eta Europako Flandes (Herbehereak), Piamonte (Italia) eta Ipar Renania-Westfalia (Alemania) eskualdeetan konparatuta. Konferentziak, halaber, Europako Bauhaus Berriari buruzko saio berezi bat hartuko du barne, honako izenburu honekin: “Bizikidetza-modu ederragoak, jasangarriagoak eta inklusiboagoak eratzen”.

Jendearentzat zabalik egongo den hitzaldi honek, praktika onen bidez, nazioartean kultura- eta sormen-sektoreetan berrikuntzaren arloan egin diren azken garapenak ezagutaraziko ditu, eta, aldi berean, euskal KSIen praktika berritzaileak eta Euskadin azken urteotan arlo horretan egin diren aurrerapenak ikusaraziko ditu.

Gai horiek guztiak, bai eta adituen parte-hartzea ere, 2021ean garatu zen gogoeta- eta eztabaida-prozesu baten ondorio dira. CCIs and Innovation Contrast izeneko lan-prozesu horretan, hiru espezialista-talde bildu dira lineako saioetan, KSIen berrikuntzarekin lotutako hainbat gai elkarrekin lantzeko. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ahaleginetako bat da proiektu hau, jardunbide egokiak trukatzeko eta ezagutzak garatzeko guneak sortzeko. Era berean, Euskadiko RIS3 estrategiaren barruan sartzen da, Euskadi Sortzailea gidaritza-taldetik, 2020 eta 2021 artean garatua.