Gobernu Kontseiluak ‘Ardatz’ onartu du, Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalerako Plan Estrategikoa 2030

0
  • Jaurlaritzak herritarrei kanal anitzeko arreta ematearen eta zerbitzu publikoaren kalitatearen aldeko apustua egiten du, eta gobernu digitalaren arloan aurrerapausoak proposatzen ditu

Gobernu Kontseiluak ‘Ardatz’, 2030erako Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalerako Plan Estrategikoa, onartu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren gobernantza, berrikuntza publikoa eta gobernu digitala egituratzeko zeharkako tresna izango dena.

Administrazio oso bat eraikitzea du xede plan honek, “berdintasunezkoa, berritzailea, enplegatu publikoen eta herritarren parte-hartze aktiboarekin, haien beharretan oinarritua, emaitzetara bideratu eta ebaluatzen dena, herritarren aurrean kontuak ematen dituena, irekia eta gardena, eta zerbitzu irisgarriak, kalitatezkoak, efizienteak, eraginkorrak eta seguruak eskaintzen dituena”.

Planak garapen iraunkorraren hiru dimentsioak (soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa) hartzen ditu bere baitan. Nazioarteko eta Europako estrategiekin eta konpromisoekin integratuta eta lerrokatuta dago eta Eusko Jaurlaritzaren beraren beste plan batzuekin lotuta dago.

‘Ardatz’ Eusko Jaurlaritzaren zeharkako estrategia gisa sortu da, Euskadi gobernantza publikoan, horizontalean, hurbilean eta lankidetzan puntako eskualdeen artean kokatzeko, gizartearen eskaera aldakorrei erantzuteko gaitasunarekin.

PEGIP 2020 planaren ebaluazioa hartu da abiapuntu gisa, bai eta egungo egoeraren azterketa eta diagnostikoa ere. Behin hori eginda gobernu onarekin, berrikuntza publikoarekin eta gobernu digitalarekin zerikusia duten hainbat eremutako erronka zehatzak identifikatu dira. Hain zuzen ere, hori da Jaurlaritzaren konpromisoa, sail guztiek eta haien organismo eta erakundeek partekatzen dutena.

Azken batean, gobernu on bat izateko helburu horretan ezinbestekoa da gobernu osoa, berdintasunezkoa eta elebiduna, berritzailea eta etengabeko ikaskuntzan ari dena bermatuko duten jarduera esparruak sortzea. Horrek gizarte premiak eta kalitatezko zerbitzu publikoak aseko dituzten politika publikoetara hurbilduko gaitu.

 

Era berean, datuetan oinarritutako eta kontuak emango dituen gobernu bat egituratu nahi du, kudeaketa publiko aurreratuko sistemekin eta politikak eta zerbitzu publikoak planifikatzeko eta ebaluatzeko mekanismoekin. Gobernu irekiaren ideian gehiago sakontzeko asmoa du eta baita komunikazio publikoa, gardentasuna eta herritarren ahalduntzea bultzatu ere, parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko aukerak eskainiz.

Planaren indarraldiak bat egiten du Europako eta nazioarteko plangintza mugarriekin, 2030 Agendarekin besteak beste, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea aurreikusten da, bai eta berrikusi eta birformulatzea ere, Nazio Batuetako Erakundeak gobernu digitalari buruz egiten duen inkestarekin batera.