Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategia onartu du

0
  • Gobernuak eta gizarte-eragileek Ikuskaritza indartzearen eta arlo horretan egiteke dauden eskumenak eskualdatzearen aldeko apustua egin dute

Gizarte Elkarrizketako Mahaiko Laneko Segurtasun eta Osasun Taldeak Laneko Segurtasun eta Osasunaren 2021-2026 Euskal Estrategia onartu du gaur arratsaldean, joan den astelehenean Osalaneko Kontseilu Nagusiak berretsi ondoren. Gizarte-eragileek, prebentzio-zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako sail guztiek partaidetza-prozesu bizia egin dute urtean zehar.

Estrategia hori datorren asteartean jakinaraziko dio Jaurlaritzaren Kontseiluari Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, eta jendaurrean aurkeztuko zaie inplikatutako sektore guztiei, datorren urtearen hasieran egingo den jardunaldian. Lan Sailburuordetzak, Osalanek, Confebaskek, Langile Komisioek eta UGTk, Mahaian parte hartu dutenek, azpimarratu dute “estrategia hori zeharkakoa dela, eta funtsezko tresnatzat hartu dutela, ez soilik datozen bost urteetan lan-osasuneko politikari koherentzia emateko, baita Jaurlaritzaren ekintza osoari langileen osasunaren ikuspegi integratu eta globala helarazteko ere, politika publiko guztien funtsezko elementu gisa”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta eragile sozialek baloratu dute «Euskal langileen eta enpresaburuen ordezkari garrantzitsuenekin elkarrizketa instituzionalizatua sendotzea, pixkanaka ekintza politiko itunduaren funtsezko ezaugarri gisa eratzea eta gure lan-harremanen ereduaren berezko nortasun-ikur izatea». Gainera, EAEn prebentzio-kultura hedatzen eta finkatzen jarraitzen duen partaidetza-prozesua nabarmendu dute, bai eta Enpresa Txiki eta Ertainen Lan Osasuneko Euskal Behatokia ere, elkarrizketa sozialaren baitan sortua.

Estrategian ezarritako helburuak lortzeko, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko lantaldeak beharrezkotzat jotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun eta Osasun Eskalako Ikuskatzaileordetzaren Kidegoa indartzea, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen arabera aplikatzekoak diren eskakizun eta betekizunen barruan. Administrazio publikotik baliabide gehiago izateko apustu horren barruan sartzen da, halaber, EAEk lan-arriskuen prebentzioaren arloan dituen eskumenak erabat eta modu eraginkorrean gauzatzea, Lan Ministerioak Zentrotik transferitu gabe duen transferentzia, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak Barakaldon duena.

Segurtasun eta Osasun Estrategiaren Aurrerapena

2021-2026ko Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategiak 12 helburu estrategiko eta 33 helburu operatibo ditu, eta lehentasunezko 50 ekintzatan deskribatzen dira. Berritasuna da pertsonak sartzea jarduketen ardatz gisa, eta ez soilik lantokia, gure erkidegoko langileen lan-bizitzaren kalitatea hobetzeko.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren politiken helburuetako bat laneko osasuna sustatzea eta prebenitzea izatea lehenesten du, bereziki, besteak beste, generoa, adina, jatorria eta dibertsitate funtzionala direla-eta osasun-desberdintasun handienak izan ditzaketen pertsonengan. Era berean, laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen intzidentzia-tasak murriztea du helburu, orokorrak eta sektoreka. Horregatik, 2021ean hainbat saiotan landu den bezala, prebentzio-premia duten arrisku-faktore gisa sartzen dira generoari, biztanleria landunaren zahartzeari edo arrisku psikosozialei buruzkoak.

Euskal estrategia bat dator XII. legegintzaldiko gobernu-programarekin, bai eta beste sail batzuetako plan estrategikoekin ere, «Laneko Osasun eta Segurtasunaren arloko Europar Batasunaren Esparru Estrategikoarekin (2021-2027)» eta «2015-2020 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunaren Espainiako Estrategiarekin», berritzear baitago. Lan eta Enplegu Sailak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari enkargatutako lanketa-prozesuan prebentzioan inplikatutako eragile guztiei hitza eman zaie eta parte hartu dute.

Estrategiaren helburua Eusko Jaurlaritzaren politiketan eragitea da, eta, beraz, Jaurlaritzako sailek eta erakundeek parte hartu dute politika horiek egiten. Gainera, beste bi lantalderen parte-hartzearekin egin da: alde batetik, hala onartu duten enpresa- eta sindikatu-erakundeen taldea, eta, bestetik, prebentzioko profesionalen taldea, prebentzio-zerbitzuena.